Azken erromantikoak (David Perez Sañudo), Nina (Andrea Jaurrieta) eta Marco (Aitor Arregi eta Jon Garaño) ikusteko aukera eskainiko du jaialdi bizkaitarrak urrian. Dagoeneko eskuragarri daude txartelak.

Santurzine sarrerak-zinea

Urriaren 3tik 19ra bitartean ospatuko dute Santurzine – Santurtziko Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioa, eta behin erakutsiko dituzten lan guztiak argituta, sarreren lehen salmenta jarri dute abian. Serantes Kultur Aretoan egingo dituzten emanaldietarako txartelak webgunean bertan edota leihatilan eskuratu daitezke dagoeneko.

Bada, ondoko saioetara bertaratzeko aukera ahalbidetu dute gaur gaurkoz:

  • Azken erromantikoak (David Perez Sañudo) | Irekierako filma (urriak 3, 18:00etan)
  • Nina (Andrea Jaurrieta) | Emanaldi berezia (urriak 10, 18:00etan)
  • Marco (Aitor Arregi eta Jon Garaño) | Aurrestreinaldia (urriak 17, 18:00etan)

Donostiako Zinemaldian New Directors sailean lehiatu ondoren iritsiko da Azken erromantikoak Santurtzira, datorren azaroaren 15ean Hego Euskal Herrikoz zinema-aretoetan estreinatu baino lehen. Ane (2020) opera primarekin, besteak beste, Donostia Zinemaldian  Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eta hiru Goya estatuatxo lortu ostean, Perez Sañudok Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek idatzitako Los últimos románticos eleberria, Azken erromantikoak izenpean.

Bestalde, José Ramón Fernandez antzerkigilearen izen bereko obraren egokitzapen librea da Nina, Malagako Zinema Jaialdian saridun izan zena. Patricia Lopez de Arnaizek interpretatuta, ondokoa kontatuko du: inak 45 urte ditu eta hezi izan zen kostaldeko herrira itzultzea erabakiko du, bere bizitza suntsitu duen gizona mendekatzeko. Honi, gainera, herriak omenaldia egingo dio. Iraganarekin, oroitzapenekin eta Blasekin (haurtzaroko laguna) topo egingo du Ninak, eta hartutako erabakia onena ote den zalantza egingo du.

Azkenik, Aitor Arregi eta Jon Garaño moriartitarren Marco filmaren emanaldia hartuko du Santurzinek. Filma EITB-EUSKAL PANTAILAK atalaren baitan emango dute, lehiaz kanpo, urriaren 17an. Veneziako Mostran lehiatu eta Donostia Zinemaldiko Perlak sailari akabera ematetik dator. Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da  Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean.