Donostia saria jaso eta Zinemaldiarekin 30 urteko ”adiskidetasun handia” berretsi du bart Javier Bardemek 72. edizioaren inaugurazio-ekitaldian. Aurrez, prentsaurrean, Israelgo Estatua Gazan gauzatzen ari den krimenak salatu zituen.

Andreu Buenafuente eta Berto Romero komikoek eta Bárbara Goenaga aktoreak gidatu zuten ekitaldia. Hitzordua umoretik heltzen saiatu baziren ere, eszenaratzeak ez zuen esperotako harrera izan… Luze, geldo… turistifikazioaren salaketari eta zinema argentinarrari eskainitako aipuek lortu zuten publikoaren eztanda apurra.

Era berean, Lehen Donostia Sariaren banaketak utzi zuen hunkidurarako tartea: Hollywoodeko gidoilari eta antzezleen greba tarteko, Javier Bardemek ezin izan zuen Donostiara bertaratzerik izan aurreko edizioan, baina aurten itzuliko zela agindu zien “adiskidetzat” jotzen duen zinemaldiko arduradunei.

Monica eta Carlos anai-arreben eta Juan Carlos Corazza interpretazio-maisuaren eskuetatik jaso zuen golardoa eta, besteak beste, ama zuen Pilar Bardem, senitartekoak eta etxekoak izan ditu gogoan: “Maila pertsonalean zein profesionalean hainbeste eman didan zinema-jaialdi honen maitasun guztiarekin jasotzen dut saria”.

Juan Carlos Corazza interpretazio-maisuari ere eskerrak eman dizkio, saria eman diolako eta aktorearen lanak “egiarekin eta zintzotasunarekin” lotura duela erakutsi diolako; izan ere, “manipulatzearen kontrakoa da eta gardentasun eta biluztasun leku batetik egin behar da lan hori”. Gaueko txaloaldi luzeena jaso du madrildarrak.

Geroz eta gehiago ekoizle lanetan trebatzen ari den aktoreak ordu batzuk lehenago, prentsaurrean eginiko agerraldian, azaldu du saria esker onez eta hunkituta jaso badu ere, ez duela aldarterik ospakizunetarako. Horren arrazoia, munduaren egoera dela adierazi zuen, eta haren hausnarketa gehienak Palestinan gertatzen ari denari zuzendu zizkion, besteak beste, Israelgo Estatua Gazan gauzatzen ari den gizateriaren aurkako krimenak salatuz.

FIPRESCI saria, epaimahai ofiziala eta Emmanuelle

Ekitaldian, halaber, 2024ko FIPRESCI Sari Nagusia banatu diote Yorgos Lanthimosen Poor Things lanari. Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak ebatzitako saria da honakoa, eta, hain zuzen ere, Ela Bittencourt kritikari brasildarrak eman dio saria filmaren izenean bertaratu den Walt Disney Studiosen Espainiako zuzendari nagusi Manuel Murori.

Era berean, palmares ofiziala ebazteko ardura izango duen profesional taldea aurkezteko parada izan da ere. Sail Ofizialeko epaimahaiko presidenteak, iaz O Corno filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Jaione Camborda zuzendariak, hartu du hitza: “Bereziki hunkigarria da niretzat gaur hemen egotea, nire jaioterrian, epaimahaian zinegile eta profesional handiek lagunduta. Zinema-jaialdi garrantzitsu honen kalitateak eta adierazpen askatasunak oihartzun handia dute mundu osoan”, azaldu du.

Galaren amaieran, lehia ofiziala zabaldu duen Emmanuelle Audrey Diwanen film berria estreinatu da. Zinemagile frantziarrarekin batera, taldekide ugari oholtzaratu dira aurkezpenean: Noémie Merlant, Will Sharpe, Chacha Huang eta Jamie Campbell Bower aktoreak, besteak beste.

Amaitzeko, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioa Alberto Arizagari eskainita dagoela gogorarazi du Barbara Goegana aurkezleak. Hogei urtez baino gehiagoz, Zinemaldiaren ekoizpen teknikoaren arduradun izandakoa da Alberto, eta iazko abenduan hil zen.