Zuzendaria: Raul de la Fuente
Urtea: 2024
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA
Munduko Txapelketa tarteko, nork esan ziezaiokeen Raul de la Fuenteri Iñaki eta Nico Williams Athletic Clubeko jokalariak filma zitzakeela Qatarren, eta gerora (aurten bertan!), Errege Kopako irabazle izango zirela; anaia txikia Espainiako Selekzioarekin Europako txapeldun bilakatuko zela, gainera. Egoerak baldintzatuta, gidoi itxirik gabe, ondu du WILLIAMSTARRAK dokumentala zinemagile iruindarrak, eta on egin dio. Ez soilik kirol-arloan zer ospatua izan dutelako protagonistek, baizik eta maila pertsonalean horiek are indartsuago eta aberatsago erretratatzea eragin duelako.
Ez da erraza maila horretako kirolari profesionalek beren bizitzetako ateak ireki eta zinemagile bat horien munduan barneratzea, historia ezagutzea, familiako kide bilakatzea. De la Fuentek lortu du, emozioz eta zintzotasunez betetako obra baita 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailari hasiera eman diona.
Futbolaz haratago doan istorio unibertsal, sentikor eta gogorra da WILLIAMSTARRAK. Ghanan dituzte sustraiak bi anaiek, nahiz eta Euskal Herrian jaiotakoak izan. Maria amak haurdun zela egin zuen oinezko bidaia beldurgarria, Afrika zeharkatu eta Bilbon lehenik, eta Iruñean gero, aterpe hartu arte; aitona, eta herrikideak bertan utzita bizimodu berri eta hobe baten bila alde egin zuen senarrarekin. Eta berau izango da dokumentaleko bihotza, sustengatuko duena, semeen babesle, borrokaren eta esperantzaren ikur.
Umiltasun osoz, negarrari ezin eutsita kontatuko digu Mariak gurera iristeko amesgaiztoa, eta aldiz, Iñaki eta Nico arduratuko dira duten erreferentzialtasunaz jabe, familiaren baloreak goraipatzeaz. Bozgorailu dira, etorkizuneko haurrentzat, orainaldiko gurasoentzat.
Arrazakeria pairatu duten bi gizaseme dira Williams anaiak, eta ez dute ezkutatuko atsekabea. Ez da futbola, bizitza da. WILLIAMSTARRAK film arrunt bat ez den bezala, bizitza bera da. Bi kontinente, bi errealitate eta kulturaren arteko zubi-lana eraiki du De la Fuentek, ohi duen bezala Afrikari sentipen berezi eta partikularraz begiratuz.