21:00etatik aurrera zuzenean jarraitu ahalko da ETB1en zein eitb.eus atarian. La2 katean, RTVE Play streaming plataforman zein Zinemaldiaren webgunean bertan ere emango dute.

72ssiff-irekiera-zinea

Goizean goiz ekin diote 72. Donostia Zinemaldiko proiekzioei, baina iluntzera arte ez zio ofizialki hasiera emango. Audrey Diwan zinemagile frantziarrak zuzendutako Emmanuelle filmak abiaraziko du aurtengo lehiaketa, eta berau izango da, hain zuzen ere, irekiera-ekitaldiaren ostean Kursaal Jauregiko K1 aretoan pantailaratuko dutena.

Ongietorria Andreu Buenafuente zein Berto Romero komiko ezagun kataluniarrek emango digute, Barbara Goenaga lagun dutela. 21:00etan entzungo ditugu lehen txalo zaparrak, orduan egingo baitu eztanda zinemaren festak. 

Omenaldietarako tartetxoa ere izango du inaugurazioak, izan ere, aktoreen grebaren ondorioz iaz Donostia Saria jaso izan ezin zuen Jabier Bardemi aitortza egingo diote, batetik; Yorgos Lanthimosen Poor things filmari Fipresci Sari Nagusia entregatuko zaio, bestetik. Azkenik, 72. Donostia Zinemaldiko sail ofizialeko epaimahaia aurkeztuko dute.

ETB1en zein eitb.eus atarian jarraitu ahal izango da irekiera-ekitaldia zuzenean, baita La2 katean, RTVE Play streaming plataforman zein Zinemaldiaren webgunean bertan.

‘Emmanuelle’

L’événement filmarekin (2021) lortu zuen Diwanek mundu mailako arrakasta. Annie Ernauxek idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapenak Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia ez ezik, César sarietarako lau izendapen eta BAFTA sarietarako bat lortu zituen. Urte berean, gainera, Donostia Zinemaldiko epaimahaikide izan zen. Oraingoan hirira itzuliko da bere hirugarren film luzeko aktoreak aldamenean dituela; mundu mailako estreinaldia izango du Emmanuelle-k gaur.

Rebecca Zlotowski zinemagilearekin batera idatzi du gidoia, Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratu eta Mee Too mugimendura egokitu dena: galdutako plazer baten bila ari den emakume bat du istorioak protagonista, Hong Kong hirira egindako negozio-bidaia batean, askotariko pertsonekin topatuko dena, artean, Keirekin, behin eta berriz saihestuko duen gizonarekin.

2023ko udazkenean filmatu zuen Diwanek Emmanuelle, Hong Kongen eta Parisen, eta Noémie Merlant aktore eta zuzendariak (Portrait de la jeune fille en feuUn año, una nocheL’innocentTár; Mi iubita, mon amour…) interpretatuko du pertsonaia nagusia. Naomi Wattsek (Mulholland Drive; 21 GramsLo imposible…), Will Sharpek (The White Lotus), Jamie Campbell Bowerrek (Stranger Things), Chacha Huangekin eta Anthony Wongek osatuko dute aktore-taldea.