Conclave-zinea

Zuzendaria: Edward Berger

Urtea: 2024

Herrialdea: Erresuma Batua – AEB

Saila: SAIL OFIZIALA

Aita Santuaren hautaketa-prozesua zinemarako bazka izan da beti. Istorio konspiranoikoak utzi dizkigu, baina baita gizatiarrak zein espiritualak ere. Azken hamarkadan ugaritu egin dira Vatikanoari eta Eliza Katolikoari buruzko lanak, ez horrenbeste herritarrongana mundu eklesiastikoa irisgarriago egiteko asmoarekin, erakundearen eta gizabanakoaren haustura existentzialetan sakontzekoarekin baizik.

Berezkoa duen izaera humanistatik egin zigun hurbilketa Nani Moretti italiarrak Habemusn Papam-en (2011), eta gertuko sentitu genituen Fernando Meirellesen The Two Popes-eko (2019) bi protagonistak ere. Baina agian, Donostia Zinemaldiko sail ofizialean Urrezko Maskorraren lehian daukagun CONCLAVE-k Paolo Sorrentinoren telesail ziniko ezagunaren antza har dezake asko apuratuz gero. The Young Pope (2016) eta The New Pope (2020) errealitate dsitopiko baten menpe dauden bezala, Edward Bergerrek aurkeztutako lana ere aurpegi ilun eta interes kontrajarrietan murgilduta dago.

Ustekabeko heriotzaren ostean, Aita Santu berria aukeratzea dagokie elizgizonei, eta Lawrence kardinalak izango du konklabea zuzentzeko ardura. Ralph Fiennesek interpretatuta, haren aurpegi zimurtua, begirada zurruna eta jokamolde zuhurra izango ditugu jarraituko dugun hautaketa-prozesu korapilatsu eta politikoa askatzeko bidelagun.

Thriller eklesiastiko baten itxurarekin hasiko den kontaketan Kabuleko sakristau mexikar misteriotsu bat agertuko da ezustean, boterearekin amesten duen hautagai tranpati bat dago tartean, eta erlijio-gerra betean daudelakoan borrokarako dei egingo duenik ere bada. Elizaren beraren galderei, oinarriei eta hausnarketei erantzuna eman nahian, etorkizunean erakundeak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatuko dute, bakoitzak bere ikuspegia eta pentsaerak defendatuz.

Lawrence kardinalari segika fedea baino Eliza bera (eta etorkizuna) ezbaian jartzera tematuko da Berger CONCLAVE-n, baina argumentuaren eta istorioaren hari-ildo klasikoak berau prebisiblea eta azalekoa bilakatuko ditu, emoziorik gabekoa, lausoa. Bada, filma janzteko landutako eszenaratze noir-a, argi-itzaletan babestutakoa, ederra eta erakargarria bada ere, estetikak ez du zulo narratiboa estaliko.