Ezin ukatu Zinemaldia zinemazaleak astindu eta mobilizatzen dituen ekimena denik. Hiritar asko blaitzen ditu zinemaren olatuak, eta ohi baino beteagoak egoten dira areto eta antzokiak. Izan ere, beste ezer baino gehiago, Zinema elkargune bat da: ideia, pentsamendu, ikuspegi, errealitate eta begirada orotarikoak ezagutzeko plaza. Eta hala, kultura gizartea ehundu eta eraldatzeko tresna gisa bizitzen dugun norbanakook pozik egiten dugu jauzi lokatzetara.
Bada, Donostia Zinemaldiak 72. edizioa ospatuko du aurtengoan, sendo eta arrakastatsu. Baina, nolakoa izango da? Film eta profesional mordo baten lan nekaezinaz harago, zenbaki eta izenek osatzen dute jaialdia. Guztiak bildumatzea ezinezkoa denaren jakitun, hemen zertzelada batzuk.
Zenbat film ikusteko aukera izango dugu?
Hamalau pertsonez osaturiko hautespen-batzordea arduratzen da lehiaketara aurkezten diren filmak ikusi eta baloratzeaz; eta noski, programazioa osatuko dutenak ebazteaz. Aurtengoan, 4.813 izan dira batzordeak behatutako filmak.
53 herrialdetako 254 filmek igaro dute hautespenaren langa: 172 film luze, 4 film ertain, 73 film labur eta 5 telesail, 694 emanaldi desberdinetan banatuta. Horien artean, mundu-estreinaldi gisa erakutsiko dituzte 55; nazioarteko estreinaldiak dira 5; Europa mailako estreinaldiak 15; eta Espainiar Estatuan lehen aldiz ikusiko dira 49.
Era berean, ibilbide laburreko zinemagile hasiberrien 54 proiektu izango dira lehian: horien artean, bost Sail Ofizialean, hamabi New Directors sailean, bost Horizontes Latinos sailean, zortzi Zabaltegi-Tabakalera sailean, lau Perlak sailean, bi Culinary Zineman, hamar Made in Spain sailean, lau Zinemiran, bat Harrentzako Zinema hautaketan eta hiru Klasikoak sailean.
Bestalde, lehen aldiz arituko dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian Maite Alberdi, Edward Berger, Guia Coppola, Audrey Diwan, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Joshua Oppenheimer eta Albert Serra. Halaber, beren lehen filma denarekin eskura dezakete saria Xin Houk, Laura Carreirak eta Pedro-Martín Calerok.
Badira ere sari gorena eskuratu eta berriro ere beren lanak aurkeztera hurbilduko diren zinemagile ugari: Fraçois Ozon, Mariana Rondón, Dea Kulumbegashvili, Francis Ford Coppola eta Isaki Lacuesta, esaterako. Errepikatzaileen zaku horretan bertan sartu beharko genituzke ere Donostia Saria jaso duten Costa-Gavras (2019), Johnny Depp (2021), Francis Ford Coppola (2002), Isabelle Huppert (2003) eta Monica Bellucci (2017).
Euskal zinemari dagokionean, zer?
Guztira 20 obra −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala. Zinemirak −berariaz euskal zinemari eskainitako sailak− aldiz, bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi mundu-estreinaldiak dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro jasoko dituzte filmaren ekoizleek.
Raúl de la Fuentek Williamstarrak (The Williams) ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaien eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu.
Aldiz, Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.
Arantxa Aguirrek Ciento volando aurkeztuko du, Jone Laspiur aktoreak Eduardo Chillida eskultore donostiarraren obrari buruz kontatzen digun ez-fikzioa. Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrenaren markoan errodatu dute filma.
Erreplika Pello Gutiérrezen bigarren film luzea da, bakarka zuzendutako lehena, hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.
Ernesto del Ríok, ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendariak 2000tik 2017ra arte errealizatu duen seigarren film luzea aurkeztuko du: Ezer ematen ez dizun mundu hori. Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatzen digu egileak.
Jone Ibarretxe de la Calek eta Nere Falagan Martinek lau eskutara zuzendu dute, Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa filmak euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.
Talde lan baten emaitza gisara ere, Miguel Alba Ricok, Nino Fontánek eta Itziar Bernaolak euren lehen zinema-lana erakutsiko digute: Los poderes de Lolo dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; La bola de cristal telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da horren 40. urteurrena betetzen dela aurten.
Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.
Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: Indarkeriaren oi(h)artzunak, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Zuzendariak Amaia Merino eta Ander Iriarte dira, eta Tamara Muruetagoienaren egia-bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.
Zinemiraz gain, izango dira Irizar Saria eskuratzeko hautagaiak beste sailetan ere bai. Iciar Bollain berriz izango da hautagai Soy Nevenka / I Am Nevenka filmarekin; alkatearen jazarpena salatzera ausartzea garesti atera zitzaion zinegotzi baten historia erreala, Sail Ofizialean hautatua izan dena. Halaber, David Pérez Sañudo New Directors saileko hautaketan aurkeztuko duen Azken erromantikoak lanarekin lehiatuko da.
Era berean, Euskal ekoizpena duten beste lan ugari ere aurkeztuko dira Zinemaldian. Esaterako, Alauda Ruiz de Azúak Sail Ofizialean aurkeztuko du Querer telesaila, 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten istorioa kontatzen duena.
Aldiz, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Marco izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana, Belodromoak hartuko duen emanaldi berezian. Izibene Oñederra zinemagileak Kimuak sailean hautatutako eta Annencyn aurkeztutako animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu). Halaber, Julen Etxeberria, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia, Hirugarren paisaia film laburrarekin lehiatuko da NESTen.
Hauen bidetik ere, Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo 2 filmak lehiaz kanpo itxiko du Culinary Zinema saila. Horrez gain, Belodromoak Itziar Gómezek zuzendutako Go!azen gazteentzako telesail musikalaren (EITB) hamaikagarren denboraldiaren estreinaldia ere hartuko du. Made in Spain sailean, bestalde, Andrea Jaurrietaren Nina proiektatuko da.
Amaitzeko, haur eta gazteei zuzendutako eskaintzan ere egongo euskal ekoizpenik: Batetik, Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma eskainiko da Belodromoan, eta Jon Rodríguezek zuzendutako Itsatsita Instagramerako telesail musikalaren bigarren denboraldia hartuko du EiTB Galak.
Zinemira Sariak Elena Irureta aktorearen ibilbidea aintzatetsiko du.
Jarraipen berezia, ZINEAn:
Urtero egin ohi dugun bezala, arreta berezia eskainiko diogu festibalari. Fokua euskal ekoizpenetan jarrita, baina begirada nazioartera zabalduta ere: filmen kritikak, albisteak… orotariko edukiak EUSKARAZ izango dituzue gurean ikusgai.
Horiez gain, gainera, bideo-kronikak egingo ditugu egunero. Lan horretan, Urko Ortega zinemagile azpeitiarra izango dugu bidelagun: Zein iritsi da? Zer gertatu da? Zein film ez duzue galdu behar? Galdera guzti hauei (eta askoz gehiagori!) emango die erantzuna egunero, irailaren 20tik 28ra.