Zinema dokumentalaren sustraietan oinarrituta, Cichillo estudioak kino-glaz (zinema-begia) kontzeptua izan du ardatz bere sorkuntzan. 2024ko jaialdia azaroaren 8tik 15era bitartean egingo da.

ZINEBI 66-zinea

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia hasi da Vanesa Fernandez Guerra garaiaren osteko lehen edizioa prestatzen. Lehiaketa publikorik gabe, Joseba Lopezortega iragarri zuen Bilboko Udalak zinemaldiko zuzendari ekainean, eta lan-taldea martxan jarrita, 2024ko ekitaldia izango denaren lehen xehetasunak argitzeari ekin diote.

Azaroaren 8tik 15era egingo duten 66. ZINEBIk izango duen irudia argitu dute, Cuchillo sormen-estudio bilbotarrak ondutako lanaren emaitza dena. Dziga Vertov zinemagile aitzindariaren “kino-glaz  kontzeptu enblematikoa ardatz” hartuz, zinema dokumentalaren sustraietan oinarritu da kartel ofiziala diseinatzeko. Honela azaldu dute beren obra: “Begia funtsezko elementua da ZINEBIren 66. edizioko kartelean eta zinemak behatzeko eta sortzeko duen gaitasuna sinbolizatzen du, ikuslea errealitateari ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik begiratzeko gonbidatuz.”

Denis Arkadievitch Kaufman zuen Vertovek benetako izena, eta gidoirik, tramarik edo aktorerik gabeko zinema defendatzen zuen, kamerak giza begiak baino gehiago errealitatea modu objektiboan atzeman zezakeelakoan. Arteaz gaindi ulertzen zuen zinema, gizartea eraldatzeko tresna indartsua zela defendatu zuen. Haren lanik ezagunena Chelovek s kino-apparatom / The Man with a Movie Camera da, Ukrainako hiriburuan, Kieven, oinarritutako sinfonia urbanoa; teknika eta esperimentazio zinematografikoaren konbinazio berritzaile baten bidez eguneroko bizitza aztertu zuen bertan.