Oskar Alegria zuzendariak ikus-entzunezko ibilbide poetikoa dakarren bere hirugarren film luzea aurkeztuko du, irailaren 22an, San Bartolome ermitan.
Asteburuan zinemaz gozatu nahi baina Donostia Zinemaldira bertaratzerik ez duenak izango du horretarako aukera. Larrabetzuko Zineklubak antolatuta, Zinzindurrunkarratz (2023) filma ikusgai izango da igandean, San Bartolome ermitan. 18:00etan hasiko dute saioa, eta Oskar Alegria zinemagile iruindarrak berak aurkeztuko du. Emanaldiaren ostean berarekin solasean aritzeko tartea egongo da, gainera. Sarrerak 5 euroko kostua dauka.
Ikus-entzunezko ibilbide poetikoa da Zinzindurrunkarratz, beste garai bateko oroimenez egina: Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri.
Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu Alegriak filmean, soinurik gabeko irudiekin. Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da zuzendari iruindarra Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.
KRITIKA | ZINZINDURRUNKARRATZ: Kamera isil baten memoria bisuala
SEMINCIn – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean abiatu zuen filmak aurkezpen ibilbidea, dokumental onenaren Gran Premio DOC saria irabazita. Ostean, Florentzian eta New Yorken saritua izateaz gain, Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiko Film Dokumental Onena izendatu dute. Baionako 20. Rencontres sur les docks-en eta Bilboko Gutun Zuria – Letren Nazioarteko Jaialdiaren programazioaren baitan ere egon da ikusgai.