Euskaraz sorturiko ikus-entzunezkoen erakusleiho izango da Irudienea gunea Durangoko Azokak iraungo duen bost egunetan. Dokumentalak, film luzeak, film laburrak, web-telesailak, animazioak, esketxak… dei egin dituzte parte hartzera.
Durangoko Azoka euskal kulturaren plaza bihurtuko da abenduaren 5tik 8ra. Ekoizpenen erakusketaz gainera, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta musika zein antzerki emanaldiak egongo dira, besteak beste. Kulturzaleei egitarau zabala eskaintzeko asmoz, guneetako antolatzaileak prestaketa lanetan hasi dira, eta bertara proposamenak bidaltzeko aukera zabaldu dute irailaren 16ean. Talaia, Ahotsenea, Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta, noski, ikus-entzunezkoari eskainitako Irudienea guneen artean aukeratu ahal izango dute sortzaileek.
Bada, gurera ekarrita, Irudienea Durangoko Azokan kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen gunea da. Urte guztian zehar kaleratu diren ikus-entzunezkoak ezagutu eta erakusteko plaza: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, web serieak, hitzaldi eta mahai inguruak, estreinaldiak… Aberastasun hau ordezkatzeko asmoz dator aurtengo edizioa ere. Bertab, Euskal sortzaileek zuzenean aurkeztu ahalko dituzte beraien lanak, solasaldi batez lagunduta, Durangoko Zugaza zinemako aretoetan.
Horretarako, Durangoko Azokaren webgunean bildu dituzten argibideak jarraitu beharko dira, eta baita bertan topatuk daitekeen izen-emate fitxa bete ere. Urriaren 7ra bitartean egongo da zabalik epea, eta dagokion arduradunak baieztatuko du proiektuen parte hartzea.
Zalantzak argitzeko: kultura@topagunea.eus