Urtarrilaz geroztik 2.235.147 herritar zenbatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoek, iaz denbora tarte berdinean, baino % 15 gutxiago. Bestalde, 2023ko film arrakastatsuena izan den Irati-k (Paul Urkijo) X. EZAE saria jasoko du 72. Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Gala Handian.

EZAE saria X-Irati-zinea

2024ko datuak argitu ditu Euskadiko zinema areto pribatuak biltzen dituen EZAE elkarteak, eta emaitza ez da positiboa izan. Pandemia aurretik izandako zenbatekoak berreskuratu bidean izan da azken urte hauetan, eta 2023an jo zuen goia, baina susperraldi progresioa eten egin da.

Urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean, 2.235.147 ikus-entzule gerturatu dira bateko zein besteko filmak ikustera, eta jaitsiera nabarmena suposatzen du iazko zenbakiekin konparatuta (% 15 gutxiago). Bada, diru-bilketari dagokionez ere, beheranzko joera izan du. Aurten, 15.392.951 euro bildu dira euskal aretoetan, 2023an epe horretan lortutakoa baino 1.604.028 gutxiago (% 9ko jaitsiera).

EZAEk “kezkagarritzat” jo ditu bi egitateak, eta euskal ekoizpenen eskasia hartu du arrazoi posibletzat: “Beti esan dugu publikoak erantzun egiten duela zinema-aretoetan film erakargarriak daudenean, eta are gehiago euskal pelikulak direnean. 2024ko hasiera honetan, oraindik ez da Euskadiko ekoizpenik izan EZAEren zinema-aretoetako Top10 zerrendan, eta hori datozen hilabeteetan aldatzea espero dugu, iristear dauden estreinaldiekin.”

Iaz, Irati (Paul Urkijo) eta 20.000 erle espezie (Estibaliz Urresola) izan ziren 2023ko bilketen % 6 lortu zuten bi filmak denbora tarte horretan, eta aurten ez da horrelakorik gertatu. Bada, susperraldia eten egin da, atzera buelta suposatuz: “Aurtengo ikusle kopuruaren jaitsierak 2023an lortutako susperraldia geldiarazi du. Orduan % 46ko igoera lortu zen. Pandemia aurreko urteekin alderatuta, 2022an ikusleen beherakada % 43koa izan zen 2019arekin alderatuta; 2023an galera hori % 16ra mugatzea lortu zen, baina 2024an, 2019arekin alderatuta, ikusleen galera areagotu egin da eta % 29ra iritsi da”.

X. EZAE saria: ‘Irati’

Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Euskal Zinemaren Gala Handian Paul Urkijoren Irati film epikoa aitortuko dute. 2023ko euskal pelikula arrakastatsuena izan da, eta X. EZAE saria jasoko du, irailaren 24an Victoria Eugenia Antzokian egingo duten festan. Urkijok berak jasoko du saria, eta Alfonso Benegas EZAEko presidenteak emango dio.

Diru-bilketa handiena lortu zuen euskal ekoizpena izateagatik eta euskal zinemari egindako ekarpenagatik errekonozituko dute. Zuzendari arabarraren bigarren film luzeak euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa pantaila handian ikustera erakarri zituen Hego Euskal Herriko ikus-entzuleak. 30 kopia izan zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta asteburuko film ikusiena bilakatu zen. Ez hori bakarrik, euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan zen, eta espainiar lurraldean ere lehen hamar film ikusienen artean sartzea lortu zuen. Nazioartean sariak pilatu ditu, gainera.