Euskadiko Filmategiak Montxo Armendarizen Tasio (1984) filma zaharberritu du L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta Zinemaldiaren Klasikoak saila inauguratuko du Victoria Eugenia antzokian, datorren irailaren 21ean. Zuzendari nafarrak bertan jasoko du Euskadiko Filmategiaren saria.

Atzerabegirakoez gain, Donostia Zinemaldiak zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik. Hala, 72. edizioa izango den honetan, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) lanak inauguratuko du eskaintza, Zinemaldian bertan estreinatu eta 40 urtera.

Zuzendaria beraren hitzetan, “isileko askatasunari buruzko filma da: arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasun horri buruzkoa”. Tasioren bizitza irudikatzen du. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.

Irailaren 21ean, Donostia Zinemaldian

Bada, irailaren 21an helduko da filma Donostiara, Victoria Eugenia Antzokira hain zuzen, zinema klasikoko jaialdi ospetsuenetan hautatua izan ondoren: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière jaialdia (urrian proiektatuko dute han). Arestian aipatu bezala, filmaren estreinaldia jaso zuen eszenatoki berdinak hartuko du emanaldia, berrogei urte beranduago. Errealizadore nafarrarekin batera, filmeko protagonistak bertaratuko dira hitzordura: Patxi Bisquert, Amaia Lasa, Amaia Merino, Garikoitz Mendigutxia, Elena Uriz, Isidoro Fernández eta Paco Sagarzazu, besteak beste.

Aukerarekin eskertuta azaldu da zuzendaria: “Diotenez, denbora da kritikari zorrotzena, egiten edo esaten duguna dagokion tokian jartzen amaitzen duelako. Horregatik, Tasio zaharberritzea eta Donostia Zinemaldian jartzea Klasikoak saila inauguratuz, duela 40 urte estreinatu zen zinema-areto berean, filmak jaso dezakeen aintzatespen onena da, eta izugarri pozten eta asebetetzen gaitu filma egin genuen guztioi”.

Lana berrikusteko aitzakia ez ezik, Armendariz bera saritzeko hitzordua izango da larunbatekoa. Izan ere, zinemagileak Euskadiko Filmategiaren saria jasoko du Joxean Fernandez erakundeko zuzendariaren eskutik. Fernandezek azaldu duenez, Tasio filmaren 40. urteurrenaren testuingurua une egokia da gure lurraldean “hainbeste miresten den eta bere talentua eta gizatasuna mundu guztian zabaldu dituen euskal zinemagile honi” omenaldi apal eta zintzoa egiteko.