Urriaren 25etik azaroaren 1era ospatuko den ekitaldian filmen emanaldiak, eta animearen munduarekin lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte hiriko zenbait txokotan. Harri X. Fernández kazetaria da egitasmoaren koordinatzailea.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak animazioari historikoki eskainitako tartea indartuko du aurrerantzean. Ekoizpen japoniarren zaleentzako babeslekua izan da batez ere, baina aurten, zabaldu egingo dute leihoa Animedon – Donostiako Anime Topaketarekin.
Animearen kontsumoaren gorakada eta streming plataformena mendebaldean eskutik helduta datozela azalduz aurkeztu dute egitasmoa, gaur, Victoria Eugenia Antzokian. Bertan izan dira, Harri X. Fernández Animedon-en koordinatzailea, Josemi Beltram Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna, eta ekimenean parte hartuko duten kolaboratzaileak: “Ikerketa batzuen arabera, 90eko hamarkadaren hasiera eta milurteko berriaren hasiera bitartean jaiotako Z belaunaldiaren % 42ek astero kontsumitzen dute animea”.
Bada, zinema-aretoetan ikus-entzuleak berritzea beharrezkoa dela jakitun, “estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten” dei egin die antolatzaileek gazteei: “Animedonen programatutako film luzeak ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, Astean gertatzen den bezala, baizik eta eskaintza tematiko zabalagoa izango dute”.
‘Dragoi Bola’-ri omen
Egitarauak bestelako jarduerak ere hartuko ditu beregain. Bada, animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak aurreikusi dituzte. Eta beharbada, Dragoi Bola telesailari eskainiko dioten omenaldia izango da herritarrentzako gozoki sentikorrena. Akira Toriyamaren mangaren moldaketak euskal herritarrak telebistara kateatuta mantendu ditu urte luzez, eta sortzailearen irudia eta obra gogoratzeko aprobetxatuko dute orain, Antzoki Zaharreko fatxadan. Innovart estudioko Mikel Herreroren zuzendaritza artistikoa izango du. Urriaren 20an (igandea) izango da ekitaldi nagusia, Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenpekoa, eta telesaila euskaraz bikoiztu zituztenak izango dira protagonistak.
Bi erakusketek osatuko dute egitaraua. Jorge Madejónek komisariatua, Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia izenpekoa egongo da ikusgai Udal Liburutegiko jarduera aretoan. 26 ilustratzaileren lana erakutsiko dituzte, mangaren obra berrinterpretatu dutenena. Bestetik, Euskadi Fantastikoaren barruan, Liburutegi Nagusiak Nacho Fernández bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. Dragon Fall-en egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia, egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena.
Animedon – Donostiako Anime Topaketaren lehen eedizio honetan Tabakaleraren, FNACen, EITBren eta Japan Foundationen laguntza berezia izango dute. Irudi grafikoa eta Tokiko bere maskota Angel Aldarondo zuzendari, editore, animazio-egile eta gidoilari ondarroarrak diseinatu eta sortu ditu.