Ekimenaren bigarren edizioan Donostiako Bideberri institutuko DBHko 4. mailako 31 ikaslek parte hartu dute. Saioa irailaren 21ean izango da, 17:00etan, Trueba zineman.

Zinekin-zinea

Ikus-entzunezkoak eta sorkuntza zinematografikoa ezagutzeko, erabiltzeko eta baliatzeko aukera gutxi duten 14-17 urte bitarteko nerabeei bideratutako ZINEKIN programak bigarren edizioa borobilduko du 72. Donostia Zinemaldiaren esparruan. Zaragüeta Zulaica Fundazioak sortu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Lankidetza Departamentuak bultzatutako proiektua da, film laburrak egiteko sormen-prozesua osoan jasotzen du: gidoia, zuzendaritza, interpretazioak, lan teknikoak, edizioa etab.

2024ko programarako Donostiako Bidebieta auzoko Bideberri institutua aukeratu dute antolatzaileek, “hain zuzen ere, testuinguru sozialagatik, baina baita ere ikasleen kultur aniztasunak aberastasun handia ematen diolako Donostiari”. DBHko 4. mailako 31 ikaslek parte hartu dute ZINEKINen, eta bi obra ondu dituzte: La influencer eta Tiroteo. Horiek irailaren 21ean aurkeztuko dituztenak, Trueba zineman, 17:00etan. Lan-taldeak bertan izango dira.

Kohesioa eta integrazioa

Blanca Zaragüeta ZINEKINeko zuzendariak azaldu du proiektuaren oinarrian gazte talde bati zinemaren bidez garapen pertsonal eta profesionaleko ibilbide berri bat sortzeko aukera ematea dagoela. Hau da, tailer eta praktika kolaboratiboen bidez, zinemari buruzko prestakuntza praktikoa jaso dute ikasleek, eta beren istorioak kontatzeko gaitasun sortzaileak eta teknikoak garatu dituzte. Ildo honi jarraiki, sektore zinematografikoko profesionalekin lankidetzan aritzeak aukera eman die aurre-produkzioaren, filmaketaren eta postprodukzioaren etapa guztietan bete-betean murgiltzeko.

Goizane Álvarez Kultura eta Lankidetzako diputatuak bere aldetik, ikastetxean 25 nazionalitateko ikasleak daudela zehaztu du, eta erakunde publikoen zeregina dela horien arteko bizikidetza indartzea: “Kohesioa eta gizarte inklusioa eta indar nukleoa ditu ezaugarri, eta erakunde publikoei dagokie pertsona oro guztiz integratzeko politikak lantzea”.