GIDOI – Euskal Herriko gidoilari elkarteak eta SGAE Fundazioak indarrak batu dituzte beste urte batez euskal talentua nabarmentzeko. 2024an, Víctor Erice eta Michel Gaztanbide gidoilariek jasoko dute golardoa, Cerrar los Ojos (2023) filmaren idazketa-lanagatik.
GIDOIk eta SGAE Fundazioak elkarrekin abiaturiko ekimena da honakoa. 2015ean sortu zen, gidoiak lan zinematografikoetan funtsezko zutabe gisa duen garrantzia azpimarratzeko. Hartara, sariketaren helburua da euskal gidoilarien lana balioestea, haien talentua aitortzea eta lan zinematografiko berrien sorkuntza sustatzea. 1.500 €-ko saria eta garaikurra ditu eta GIDOIko bazkideek aukeratu dituzte irabazleak.
Bada, 2024ko edizioan, Víctor Erice eta Michel Gaztanbide gidoilariek jasoko dute golardoa, Cerrar los Ojos (2023) filmaren idazketa-lanagatik. Saria Euskal Zinemaren Galan banatuko da, datorren irailaren 24an, Donostiako Zinemaldiaren 72. Edizioan. Aitor Eneriz GIDOIko presidenteak eta Garbitxu SGAE-Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak emango dute eta Michel Gaztanbide berak jasoko du.
Maider Oleaga, Mikel Gurrea, Jose Mari Goenaga edo Asier Altuna izan dira, besteak beste, aurreko edizioetan aintzatetsitako profesional batzuk.