Gipuzoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin elkarlanean atondutako ekitaldian eman diete ongietorria Elías Querejeta Zine Eskolaren zazpigarren promozioa osatuko duten 45 ikasleei. Orotara, 35 herrialdetako 207 hautagaitza jaso ditu eskolak 2024-2025 ikasturterako.
Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) zazpigarren promoziorako irteera-pistolatxoa eman du ekitaldi ofizial batean eta, bertan, urtero egin ohi lez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak (eskolaren erakunde sortzaile eta finantzarioak) ongietorria eman die ikasturte berriko ikasleei. Guztira, zentroko Zuzendaritza Akademikoak 45 ikasle hautatuko ditu, 35 herrialdetatik jasotako 207 hautagaitzen artetik. Ikasle berriak batuta, 313 pertsonek osatu dute bere prestakuntza EQZEn.
Kulturako diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, ikasle ohiei egindako gogobetetze-inkesten arabera, ikasle ohien % 72ak eskolan eskuratutako esperientziarekin lotutako lana izan du edo du; era berean, %85ak dio EQZEn ikastea erabakigarria izan dela esparru profesionalean kokatzeko, eta % 99ak eskola gomendatuko lukeela: “Datu horiek ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektorean profesionalizazio-ibilbideak sortzeko dugun konpromisoaren isla dira, eta, batez ere, Kultura Departamentuak Gipuzkoa bezalako lurralde txiki batean dagoen ikus-entzunezko ekosistema zabalari ematen dion babesaren isla, Tabakalera, Donostiako Zinemaldia edo Film Commission bezalako proiektuen bitartez”.
Eskolak, UPV/EHUri atxikita, proiektu pedagogiko bat proposatzen du, graduondoko hiru programaz osatua (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programa horiek beren garapenean parte hartzen duten hiru erakundeen jakintza-arloetatik hartzen dute forma: Euskadiko Filmategia, Donostiako Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Ikasleen profilari dagokionez, batez besteko adina 30 urte da, eta filmen artxiboaren eta babesaren alorretako espezialistak dira: zinema-jaialdien, filmategien, zikloen eta erakusketa eta instalazio artistikoen kudeaketan eta programazioan esperientzia duten kuradoreak; film laburren, film luzeen eta instalazioen errealizadoreak; unibertsitateko irakasleak, ikertzaileak; zinema-eskoletatik egresatuak; Antropologia Bisualean, Arte Bisualetan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Arte Ederretan, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Humanitateetan, Artearen Historian eta Kazetaritzan graduatuak; zinema ekoizpenaren eta distribuzioaren alorreko profesionalak, edo muntaia, argazkia, soinua eta diseinua bezalako eremuetakoak.
Lehenengo aste honetan, Donostiako Jaialdiaren 72. edizioa ere abiatuko da, eta hiru graduondokoetako ikasleen lehen topaketak egingo dira: ikasketa-plana aurkeztuko da, zentrora eta hura osatzen duten erakunde eta proiektuetara sarrera egingo da, eta Tabakalera osatzen duten espazioekin lehen harremana izango da.
Era berean, eskola-aldi erregularra irailaren 30ean hasiko da, 2025eko abendura arte, eta orduan aurkeztu beharko dute amaierako lana. Izan ere, ikasturteak sei modulu ditu, eta modulu bakoitzak iraupen aldakorra du. Lehenengo bost moduluak (iraial-uztaila) irakaskuntzakoak dira, eta presentzialak dira. Master edo hipotesi amaierako lanaren garapena ardatz duen seigarren modulua (abuztu-abendua) erdi presentziala da. Guztira, hamabost hilabete dira, zirkulu bidez egituratuta, eta, horrela, EQZEren ikaskuntzaren eta esperientziaren filosofiari erantzuten zaio.