Liztor Kapitaina (Jean Gabriel Guerra eta Jonnathan Melendez, 2024) filma gaur ostirala, irailaren 13an, iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen film dominikarra euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izango da gurean.

Istorioa Avispatropolisen eta Eztiaren Erreinuan gertatzen da. Harmonian bizi dira, abaraskan, Liztor kapitainak babestuta, baina euren etsai Jaques Poison liztorrak eta bere jarraitzaileek bake horrekin amaitu eta bi koloniez jabetzeko asmoa dute. Liztor kapitainaren esku dago beretarrak kosta ahala kosta defendatzea, beti bezala, nobleziaz, justiziaz eta errugabetasunez.

Zinema Euskaraz

Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen zortzigarren filma da honakoa.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.

Hala, datozen hilabeteetan ere helduko dira proposamenak: abenduaren 5ean, SuperKlaus.