EiTBk eta Donostia Zinemaldiak 2024ko jaialdirako babesletza berritu dute, komunikazio talde publikoaren presentzia handiagoa nabarmenduz. Duela bi hamarkadatik baino gehiagotik dira kolaboratzaile, hainbat arlotan gauzatu izan dute elkarlana.

EITB ZINEMALDIA AURKEZPENA-zinea

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak Tabakaleran argitu dituzte, gaur, hitzarmen berrituaren nondik norakoak, eta bat datoz “jauzi garrantzitsua” izango dela. Euskal kulturaren eta haren nazioarteko proiekzioaren kultura eta erreferentzia adierazpen gisa, aliantza ekitaldiaren beraren funtsezko eginkizuna dela azpimarratu dute. “Euskal zinema, bai Zinemaldia bera, mundurako gure leihoa dira”. Bada, EITBren partaidetza duten 12 euskal ekoizpen izango dira aurtengo Donostia Zinemaldian: fikziozko 3 film luze, 7 dokumental, film labur bat eta bi serie.

Euskal Zinema Gala Handia antolatzeaz eta ekoizteaz arduratuko da EiTB. Irailaren 24an izango da, eta paradoxikoki, gala horretan, ohiko proiekzioaren ordez, euskal kulturaren erakusgarri diren musika-emanaldiz eta artistaz osatutako ikuskizun bat izango da aurten. EiTB Egile Berriak saria banatuko dute bertan.

Bestalde, euskal enteak bere azken ekoizpenetakoren bat aurkeztuko du Victoria Eugenia antzokian egiten den EITB galan. Hilaren 25ean, PRIMERAN doako plataforman estreinatuko den “Itsatsita” fikzio musikalaren aurrestreinaldia hartuko du. Gainera, Zinemaldiak “Go!azen” fenomenoaren denboraldi berriko lehen aurrestreinaldia ere hartuko du, irailaren 27an, Belodromoan.

Aurreko edizioetan bezala, ikus-entzunezkoen sektorearekin eta industriarekin hitzordu profesionala antolatu du EiTBk. Irailaren 24an egingo  dute, Betebeharra eta aukera: hizkuntza koofizialetan inbertitzea izenpean.

Ikusgarritasuna ez ezik, EITBren ohiko informazio-hedapena indartuko da, Zinemaldiko bederatzi egunetan Donostiako erdialdean set pertsonalizatu bat izango baitu plato eta jarduera-zentro moduan baliatzeko. Han, irratiko zein telebistako programetan zuzeneko informazioa eman ahal izango dute, baita elkarrizketak eta bestelako edukiak grabatu ere, zuzenean zein grabatuta emateko. Gainera, Kursaaleko prentsa gunean izan ohi duen irratiko seta ere mantenduko dute.