Hautaketa-batzordeak sei proiektu aukeratuko ditu, eta sortzaileek bi asteko egonaldia egingo dute, Irisarriko Ospitalea zentroan. Deialdia urriaren 9ra arte egongo da zabalik, eta euskarazko film laburrak, ertainak edota luzeak aurkez daitezke (dokumentalak zein fikziozkoak; animaziozko lanik ez).
Ipar Euskal Herriko zinemaren alorreko eragileen arteko lotura indartu eta harrera zerbitzua eskaintzeko asmoz sortutako Zukugailua elkarteak hirugarrenez antolatu du Kirikoketa idazketa tailerra, Irisarrin. Egitasmoaren helburua zinema egileei haien praktikan eta ibilbide profesionalean laguntzea izanik, lantegiak deialdian aukeratutako proiektuen indarrak eta berezitasunak agerian utziko ditu, ikuspegi zinematografiko ezberdinetan idazle bakoitzarentzat bidea topatzeko.
Irailaren 9az geroztik dago izena emateko aukera, eta urriaren 9ra arte aurkeztu ahalko dira proposamenak. Horretarako baina, antolatzaileek ondoko baldintzak zehaztu dituzte: Pirinio Atlantikoen departamentuko bizilaguna behar du izan idazleak, eta proiektua, ezinbestean, euskaraz izango da. Ale bateko proiektuak, film laburrak, ertainak edota luzeak aurkez daitezke (dokumentalak zein fikziozkoak; animaziozko lanik ez). Horiek kultura-harremana izan beharko dute Euskal Herriarekin (gaia, grabaketa lekua etab.).
Azpimarratu dutenez, hautagaiek frantsesa menperatu beharko dute, “trukaketak segitzeko eta tutoreekin bai eta beste parte hartzaileekin solasteko”. Izen-ematea gauzatzeko, hautagaiek nahitaez txosten bat aurkeztu beharko dute, eta berau, frantsesez idatzita egon beharko da; ohartarazi dutenez, berorren itzulpena egiteko laguntza eskainiko diote hala eskatzen duenari (koord@zukugailua.eus). Txostenak ondoko informazioa jasoko du: laburpena, sinopsia, intentzio nota (orrialde bat gehienez), biografia laburra, filmografia (ahal den neurrian) eta kontaktu fitxa bat (helbidea, telefonoa eta e-maila). Hautazko dokumentuen artean, moodboard-a, egindako filmen loturak eta gidoi baten pasartea atxiki daitezke.
Egutegia eta tutoreak
Hautaketa-batzordeak, aurkeztutakoen artean sei proiektu aukeratuko ditu, eta azaroaren 4an emango du horien berri. Bi aste iraungo du idazketa tailerrak, eta taldekako dinamikak zein banakako tutoretzak aldizkatuko ditu, Irisarriko Ospitalea zentroan.
Lehenengo astea (abenduaren 9tik 14ra) trukaketa kolektiboei zuzenduta egongo da. Proiektu bakoitza artistikoki aztertuko dute, indarrak eta ahuleziak identifikatzeko, batez ere. Idazketa lan pertsonalerako tartea ere izango dute hurrengo egunetan.
Bigarrena (2025eko otsailaren 2tik 8ra), aldiz, bakarkako lanean oinarrituko da, tutoreekin buruz buruko harremana edukiz. Aldiz, martxoan topaketa eguna zehaztuko dute.
Tutoreei dagokienez, Laurie Bost eta Itziar Leemans arduratuko dira partaideen jarraipena egiteaz. Gigoilari eta gidoi-aholkularia da Bost, baina baita zinema zuzendaria ere. Sébastien Savinekin batera zenbait film labur errealizatu ditu, eta egun, bere opera prima lantzen ari da. Leemans, aldiz, Historiako masterra egin ostean, Cubako San Antonio de Los Baños zinema eta telebistako nazioarteko eskolan (EICTV) diplomatu zen. Hainbat dokumental eta fikziozko film laburren egilea da. Egun bere lehen fikziozko film luzea idazten ari da.
Kirikoketa idazketa tailerrari buruzko informazio osagarria, HEMEN.