Txani Rodriguezek idatzitako izen bereko eleberriaren gainean David Perez Sañudok zuzenduriko lanak Competition 1-2 sailean parte hartuko du. Poloniako hiriburuko zinemaldia urrian ospatuko dute.

Zineuskadik jakinarazi duenez, Donostiako Zinemaldian New Directors sailean lehiatu berritan, David Perez Sañudoren Azken erromantikoak filmak Warsaw Film Festival jaialdian parte hartuko du. Urriaren 11tik 20ra bitartean ospatuko da zinemaldia Poloniako hiriburuan, eta zinemagileen lehen eta bigarren lanei tokia egiten dien Competition 1-2 sailean egongo da ikusgai.

Ane (2020) opera primarekin, besteak beste, Donostia Zinemaldian  Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eta hiru Goya estatuatxo lortu ostean, Sañudok Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek idatzitako Los últimos románticos eleberria.

Paper fabrika batean lan egiten duen Irune da 2021eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen nobelaren protagonista, gizarteak galdu dituen balioei eusten dien emakumea. BadaMiren Gaztañagak haragituko du bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume protagonista, baina aktore ezezagunek (euskaldunek eta andaluziarrek) interpretatuko dituzte filmeko pertsonaia gehienak. Adiskidetasun eta maitasun istorioa izango da, gizakiari eta besteekin duen harremanari buruz hausnartzera gonbidatuko gaituena. Gizarte eta lan eraldaketa, iraganeko denboren nostalgia edo guraso eta seme-alaben arteko harremanak ere jorratuko ditu filmak.

Irusoin eta La claqueta ekoiztetxeen proiektua da euskaraz errodatutako Azken erromantikoak, 2 milioi euro inguruko aurrekontua duena, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europa Creativa Mediaren partaidetza dauka. Gainera, EiTB eta Canal Sur komunikazio-taldeen zein HBO Max laguntza du. A Contracorriente Films banatzaileak zabalduko du filma Euskal Herrian, azaroaren 15etik aurrera.