Josu Martinezek zuzendutako Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023) dokumentala urritik aurrera izango da ikusgai Ipar Euskal Herriko zinema geletan. Lanak, Jon Mirande Aipharsoro euskal idazleari berari  eman dio hitza; Peio Bereterretxe aktoreak gorpuztuta.

2023ko urtarrilaren 4an 50 urte bete ziren Jon Mirande Aipharsoro euskal idazlearen gorpua hilik aurkitu zutela, eta urteurrenarekin batera, zinemagile, idazle eta komunikazioan doktorea den Josu Martinezek Parisen jaio eta hil zen egile eta pentsalariari buruzko dokumentala prestatu zuen: Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023). 71. edizioko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean aurkeztu zen filma, eta Hazparneko 12. Zinegin festibalean zein Gasteizko Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Astean erakutsi dute gero.

Era berean, ekainetik, Primeran film plataformak ere ikusgai jarri du Interneten. Orain, aretoetara itzuliko da lana, Ipar Euskal Herriko zenbait gelatan eskainiko baitute urrian:  Maule-Lextarreko zinema gelan izango da urriaren 2an; hilaren 4an, aldiz, Hendaian, eta 8an, Baionan. Lehenbiziko hiru emanaldien ondotik, Lapurdin, Kanboko, Hazparneko, Donibane Lohizuneko eta Getariako zinema geletan ikusi ahalko da filma, eta Nafarroa Behereari dagokionean, Donapaleun eta Donibane Garazin.

  • Urriak 4: Hendaia
  • Urriak 6: Hendaia, Maule, Donapaleu
  • Urriak 8: Baiona, Donapaleu
  • Urriak 9: Hazparne
  • Urriak 10: Donibane Garazi
  • Urriak 12: Donibane Garazi
  • Urriak 13: Hazparne

XX. mendearen erdialdean, euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen Mirandek. Denek aitortzen diote bere garrantzia. Baina gai tabua da oraindik. Hari buruz denetarik esan da. Arrazista zela. Pedofiloa. Nazia. Pedofiloa. Inmorala. Haren gaineko berri bakoitzak, kontrako iritziak harrotzen ditu. Ez dakigu zer egin berarekin.

KRITIKA | MIRANDE, FILM BAT EGITEKO ZIRRIBORROA: Bere hitzen baitan

Hala, Tentazioa eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeek babestutako proiektuan, Miranderi eman dio Martinezek hitza, berak propio zuzendu eta  Miel A. Elustondorekin batera idatzitako dokumentalean: “Jon Miranderi buruzko film bat egin nahi dut. Baina ez dakit nola. Agian, behingoz, berari eman behar zaio hitza”.

Joserra Senperen musikariak konposatu du soinu banda, eta Xanti Salvador arduratu da soinuaren diseinuaz. Ibai Castro Egia da argazki zuzendaria, eta Ane Antoñanzas. Mireia Gabilondo eta Katti Pochelu ekoizpen eragileak. EiTB, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kanaldude ere proiektuaren laguntzaileak dira.