Festival Lumière-zinea

Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Montxo Armendarizen opera primak bi saio izango ditu: lehena, urriaren 15ean (20:30ean); bigarrena, urriaren 17an (11:30ean).

Nazioartean tokitxoa egiten ari da Montxo Armendarizek 1984an zuzendutako Tasio filma. Duela 40 urte estreinatu bazen ere, Euskadiko Filmategiak L’immagine Ritrovata laborategietan (Cineteca di Bologna) zaharberritu du aurten, eta ‘klasiko’ zigilupean ikusgai izan da han eta hemen.

Zinemaren historiako maisulanak berreskuratzen dituen Cannes Classics atalean (Cannesko Zinema Jaialdiaren baitan) aurkeztu zuen filmategiak zinemagile nafarraren opera prima maiatzean, Armendarizen beraren presentzian; ostean, Bolognako Il Cinema Ritrovato zinema-jaialdian ere parte hartu du.

Bada, ezagun da 72. Donostia Zinemaldiko Klasikoak saila inauguratuko duela irailean, eta berriki jakinarazi dutenez, Lyongo Festival Lumière jaialdian erakusteko aukeratu dute. Tasio-ren kopia zaharberritua Trésors et curiosités atalean sartu dute, eta bi emanaldi izango ditu: lehena, urriaren 15ean (20:30ean, C.N.P. Bellecour aetoan); bigarrena, urriaren 17an (11:30ean, Lumière Institutuko Hangar du 1er Film aretoan). Jaialdiaren 15. edizioa hilaren 12tik 20ra ospatuko da, eta Isabelle Huppert aktorea omenduko dute.

Gainera, Euskadiko Filmategiak argitu du Tamasa banatzaile frantziarrak hura proiektatzeko eskubideak erosi dituela, beraz, 2025ean Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Ikazkin ogibideari buruzko filma

Tasio errodatu aurretik, Armendarizek Nafarroako Ikazkinak dokumental laburra errodatu zuen Viloria (Valladolid, Espainia) herrian, Ikuska 11 proiektuaren baitan. Ikazkinek iheskor erantzun zioten film batean parte hartzeko eskariari, eta zinemagileak eta haren taldeak, beharginak txondorrak osatzen ari ziren bitartean (haien lana oztopatu gabe) irudiak grabatu zituzten. Gerora, irudiok Anastasio Ochoa ikazkinari buruzko filmean erabiliko zituzten. Patxi Bisquert aktoreak gorpuztu zuen Tasio.

Ochoa 14 urterekin hasi zen beharrean Urbasako basoan. Bizitza osoa bertan egin zuen, eta familia izan zuenean ere, bere jardunaren inguruan osatu zuen. Garai hartan landa-eremutik hirigunera lekualdatzen ari ziren herritarrak, eta Tasiok joera haren kontra, basoan geratzea erabaki zuen libre izaten jarraitzeko.