Irailaren 20an ekingo diote egitasmoari, eta parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte beren obrak sortzeko. Izen-emate deialdia zabalik da, hilaren 19ra arte (12:00).
Kultura-sorkuntza suspertzeko eta tokiko kultura zein ondarea sustatzeko plangintzaren baitan, Bilboko Udalak ikus-entzunezko lehiaketa berezia jarriko du aurten, lehenengoz, martxan. Udal Hilerriko ondarea oroitzea du xede irailaren 20tik 22ra bitartean gauzatuko den egitasmoak.
48 ordutan, parte hartzaileek ideia pentsatu, gidoia idatzi, gehienez 3 minutuko iraupena duen obra filmatzeko erronkari helduko diote; horiek euskaraz, gaztelaniaz edota ele bitan izan daitezke. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoan izena ematen dutenek “zinema klasikoko estiloak edo teknika abangoardistenak praktikan jarriz, talentua eta sormena erakutsi beharko dituzte sorkuntza eta talde-laneko asteburu bizi batean, inprobisatzeko gaitasuna proban jarriko duten muturreko baldintzetan”.
Irailaren 19ko 12:00ak arte dago izena emateko aukera, Bilbao Zerbitzuak webgunean. Bost pertsonak osatutako taldeak osatu daitezke (ikus-entzunezkoen arloko profesionalek barne) askoz jota, adin mugarik gabe, eta genero eta formatu guztietako lanak onartuko dituzte (fikzioak, dokumentalak, animazioak, esperimentalak etab.).
Hilaren 20an, 10:00etan ekingo dio lehiaketak, eta hilaren 22ko 19:00etara arte izango dute sortzaileek hilerria filmaketa-espazio erabiltzeko baimena. Hilerria egunero egongo da zabalik, ohiko ordutegian (8:00-20:00). Ezinbestean, Bilboko udal Hilerriari buruzko gaiak jorratu beharko dituzte lanek, eta istorioak “hilerriko errealitatea normalizatzen eta eguneroko bizitzan integratzen lagundu behar du”.
Azpimarratu dutenez, “film laburra hurrengo egunetan editatu ahalko da, eta behin betiko kopia 2024ko irailaren 26ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko da”. Euskarri digitala erabiliko da horretarako, wetransfer bidez edota info@zbk.bilbao.eus korreo elektronikora bidalita.
Epaimahaia eta sariak
Kulturaren eta zinemaren munduko profesionalez osatutako epaimahaiak ebatziko ditu irabazleak. Epaimahaiburua Bilboko udaleko Osasun eta Kontsumo Arloko zinegotzia eta Bilbao Zerbitzuak erakundeko presidentea izango da, edo hark eskuordetutako pertsona.
Lan onenak 1.000 euro jasoko ditu opari, eta bigarren saria 500 eurokoa izango da. Zuzendari gazte onena ere izendatuko dute (18 urtetik beherako gaztea), eta 200 euro emango dizkiote. Ikus-entzuleek ere boto bidez aukeratuko dute gustukoena, 200 euro irabaziko dituena. Sari-banaketa ekitaldia irailaren 27an egingo da, Bilboko udal Herriko Kaperan, 19:00etan hasita.
‘Bilboko Hilerria’ – Film Laburren I. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta baldintzak ezagutu, hemen.