Tabakalerarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatuta, egungo eta etorkizuneko zinemagileak bilduko dituen hitzordu bikoitza prestatu dute irailaren 23rako.

Kabia 2024-72ssiff-zinea

Sortzen ari den talentu zinematografikoari eskainitako topagunea izateko xedez jaio zen iaz Kabia jardunaldia, eta izandako arrakastaren ondoren, aurten ere jarraipena izango du. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak sustatutako ekimena hilaren 23an gauzatuko da (igandea) Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian, eta bi jarduerek osatuko dute: Kabia Gosariak (10:00-12:00) eta Kabia Networking jarduerak (19:00-23:00) .

Batean zein bestean, Nest saileko (mundu osoko eskoletako zinema-ikasleen film laburren hautaketa bat) filmetako lantaldeak bilduko dituzte, Ikusmira Berriak egonaldietarako eta proiektuen garapenerako programako egoiliarrekin eta Tabakalerako eraikineko komunitatearekin: Nokan hautatutako errealizadoreak eta Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleak, hain zuzen.

Izan ere, Kabiaren jomuga programa eta sail horietako komunitateak biltzea da, ideiak trukatu eta proiektuak parteka ditzaten; halaber, nola zinemagileentzat interesgarriak diren programetan lan egiten dutelako hala pedagogiari dagokionez interesgarriak direlako ad hoc hautatutako industria-profesionalekin zuzenean harremanetan egoteko aukera ematea ere bada jomuga, euren ibilbide profesionalari eta filmei buruzko feedback baliotsua emateko potentziala izaki.

Zinemaldiak, Tabakalerak eta EQZEk beste programa batzuetan ere parte hartu ohi dute urtean zehar, eta programa horietako talentuak ere egongo dira, hala nola La Incubadorako hautaketa bat, Kataluniako Zinema Akademia eta Mannheimeko Cutting Edge Camp urteroko topaketa.

Saioen funtzionamendua eta helburua bermatze aldera, gonbidapen bidezko sarbidea izango dute.