Loraldiak Sormen Digitaleko Bekaren hirugarren edizioa aurkeztu du, euskarazko sorkuntza digitala sustatu, sortzaile digitalen lana ezagutzera eman eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago izateko asmoz. Diziplina orotako lanak galdegin dituzte deialdira.

Euskaraz sortzen diren kultur adierazpen anitzen plaza izan da sorreratik Loraldia Festibala. Are, agente dinamizatzailea bilakatu da urteetako bere ibilbidean zehar, eta sortzaileak zirikatu izan ditu sormenaren mugak arrakalatu eta ordura arte irudikatu gabeko diziplinak lantzeko, ikuskizun erakargarriak sortzeko eta euren sormena Bilboko erdigunera ekartzeko. Tokia eta fokua eman diote euskal sormenari; sortzaile berriak deskubritu eta hertzetakoak erdigunera ekarri. Sortzaileen arteko lankidetzak sustatu eta, hala, proposamen ausartak mahaigaineratu. Iturri zaharretik edan, ur berria emateko.

Bada, jardun horren baitan kokatzen da Sormen Digitalerako Beka deialdia. Euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana sozializatzeko xedez sortua, ingurune digitaleko euskarazko eduki kopurua indartzeko. Bada sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak dira bertan: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa …

Galdegin dituzten lanak diziplina bat edota diziplinen arteko uztartzea izan daitezke, baldin eta jatorrizko lanak diren, ekinaldi digitala edota areto batean aurkezteko modukoa duten, euskarazko lanak diren eta horiek plazaratzeko plan batez lagunduta dauden. Bada, 18 urtetik gorako edozein sortzailek erantzun diezaioke deiari, banaka zein taldeka, beti ere, eskatzaileko proiektu bakarra aurkezteko baldintzapean

Epeak eta baldintzak

Proiektuak aurkezteko epea urriaren 18an amaituko da. Ostean, urriaren 29tik 31ra bitartean, hiru egitasmo finalistek aurkezpena egin beharko dute. Azaroaren 11n komunikatuko zaie ebazpena eta handik hiru egunetara publiko egingo da.

Beka irabazleak urtebete (2024ko abendutik 2025eko abendura) izango du proiektua martxan jartzeko. Loraldiak baliabideak jartzeko konpromisoa hartuko du, sortzailearekin akordioa sinatu ondoren, eta 2026ko hasieran aurkeztuko da sorkuntza.

Ikusi oinarriak xehe,  HEMEN.