Andrea Jaurrieta zinemagile iruindarraren Nina (2024) western garaikidea gehitu du FILMIN streaming plataformak bere katalogora. Patricia Lopez Arnaiz eta Dario Grandinetti aktoreak dira protagonistak.
Ana de día (2018) opera prima arrakastatsuaren bermea lagun ekin zion Jaurrietak Nina film berriaren errodajeari. Lehen lan hatran Ingrid García-Jonssonek interpretatutako protagonistak Bartzelona utzi eta alde egingo du. Haren itxura duen emakume batek tokia hartuko dio, berari dagozkion betebehar guztiak eginez; hala, bat-batean aurkitu duen askatasuna baliatuta, bizitza berri bat hasiko du. Gau-klub batean hasiko da dantzari, ilea gorriz tindatuko du, betaurreko ilunak daramatza eta dagoeneko ez da Ana, Nina baizik.
Doppelgänger kontzeptuaren buelta eraikia, Andrea Jaurrietaren lehen film luzeak Luis Buñuelen Belle de jour (1967) zuen batez ere ikusmiran, baina zinemaren historiako lan esanguratsuenei egiten zien ere keinu, eta badirudi bide beretik jo duela orain, Malagako Zinema Jaialdian saridun izan zen NINA thriller ilunean.
Kritika | ‘NINA’: Gorri kolorea du mendekuak
José Ramón Fernandez antzerkigilearen izen bereko obraren egokitzapen librea da eta ondokoa kontatuko du: Ninak 45 urte ditu eta hezi izan zen kostaldeko herrira itzultzea erabakiko du, bere bizitza suntsitu duen gizona mendekatzeko. Honi, gainera, herriak omenaldia egingo dio. Iraganarekin, oroitzapenekin eta Blasekin (haurtzaroko laguna) topo egingo du Ninak, eta hartutako erabakia onena ote den zalantza egingo du.
Torino Feature Lab, Espainiako Zinema Akademiaren Egoitza programan, New Horizons Studio+, Atlántida Film Fest eta Abycine Lanza laborategietan parte hartu zuen filma garatu bitartean, eta ondoren, zinemagile iruindarra sei astez aritu zen filma errodatzen Mundakako eta Bermeoko (Bizkaia) hainbat lekutan.
Mendeku-bidaia baten istorioa
Patricia Lopez Arnaiz (Ane, 20.000 especies de abejas) Goya sariduna eta Dario Grandinetti (Hable con ella, Empieza el baile) Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorraren irabazlea dira filmeko aktore nagusiak, eta Aina Picarolok, Iñigo Aranburuk, Mar Sodupek eta Ramon Agirrek osatu dute aktore-zerrenda.
Zuzendariaren hitzetan, Nina “thriller bat da, emakume western garaikide bat; non iragana eta oraina mendeku istorio batean batzen diren”. Zera gaineratu du: “Dudan guztia eman dut, nire oroitzapenetan murgilduta, zauritutako pertsonaia horren iragana kontatzeko. Poesia eta paisaiaren gordintasuna erabili ditut mendeku-bidaia honetan pertsonaia laguntzeko.
Proiektua BTEAM PRODS (Las Niñas, Mantícora), ICÓNICA (El Autor), IRUSOIN (Suro, La trinchera infinita, Agur Etxebeste!, Loreak…) eta LASAI PRODUCCIONES (Ana de día) ekoiztetxeen arteko koprodukzio lana da, eta BTEAM PICTURESek banatu du zinema-aretoetan. Halaber, ETB, MOVISTAR +, FILMIN eta VODAFONE TVk parte-hartzen dute, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza, Madrilgo Erkidegoa eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du proiektuak.