Pedro Miguel Etxenike fisikariak zientziaren eta edertasunaren inguruan egindako gogoetak jasotzen ditu dokumentalak. Irailaren 12an izango da emanaldia, 19:00etan, Donostiako Tabakalera zentroan.
Euskadiko Filmategiak eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak elkarlanean ondutako El secreto de la naturaleza (2018) dokumentala ikusgai izango da irailaren 12an, Donostian. Jose Antonio Perez Ledo Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak zuzendu du lana, eta berak propio aurkeztuko du, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria aldamenean duela.
Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta K2000k ekoitzi dute filma, eta bertan Pedro Miguel Etxenike fisikariaren bizitza eta obra aztertzen dira; beronek zientziaren eta edertasunaren inguruko gogoetak partekatzen ditu. Fisikariak bi galdera estetikori tiraka -“Edertasuna benetako irizpidea al da? Zer da edertasuna zientzian?”- eginez plazaratuko ditu gogoetak eta pentsamenduak.
Saioa DIPCrekin eta Donostia Zinemaldiarekin (Zinema eta Zientzia zikloko ohiko erakundeak) elkarlanean antolatu dute, eta Tabakalerako zinema aretoan egingo da, 19:00etan hasita. Emanaldiaren ondoren, kultura zentroko zuzendari nagusia den Edurne Ormazabalek fisikari nafarra elkarrizketatuko du.
Besteak beste, Ikerkuntza Euskadi Saria jaso zuen Etxenikek 1996an, eta Fisikako Max Planck Saria zein Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printze Saria, 1998an, solidoen gainazaleko egoera elektroniko ispiluen iragarpen teorikoan egindako aurkikuntzengatik. Ekarpen garrantzitsuak egin ditu ioi-materia interakzioen arloan eta mikroskopia elektronikoan eta tunel efektuko mikroskopian elektroiek duten energia-galeren arloan.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun emeritua da gaur egun, baita Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea ere. Urtero, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia zikloari hasiera eman ohi dio.
Saiora bertaratu nahi dutenek salgai dituzte sarrerak; Tabakaleraren webgunean eta eraikinaren informazio-gunean eskuratu daitezke.