Irailaren 4 tik 7ra bitartean ospatu da 2024ko ekitaldia, eta hamar lan lehiatu dira sail ofizialean. Aurrenekoz, EiTB Gala ospatu dute, eta Isabel Herguera zinemagile donostiarra aitortu dute bertan.

Animadeba Isabel herguera

Nazioarteko film labur lehiaketa eta haur zein helduentzako film luzeak jarri ditu lehian 17. Animadeba jaialdiak, irailaren 4 tik 7ra bitartean, eta antolatzaileek adierazi dutenez, inoizko edizio jendetsuena izan da. Anariren kontzertuarekin eta Mario Azurza DJ-arekin agurtu zuten larunbatean aurtengo ekitaldia, aurretik baina, nazioarteko lehiaketako sariak banatu zituzten.

Hamar izan dira Sail Ofizialean parte-hartu duten lanak, eta horien artean Les Bêtes (Michael Granberry) ekoizpen britainiarra nabarmendu da. Film onenaren saria eskaini diote “bere birtuosismo apokaliptiko eta ameslariagatik, eta maitasunez, iraganeko maisuak gogorarazten dizkiguten izakiz osatutako mundu sinesgarri bat sortzeagatik”. Aldiz, aipamen bereziarekin aitortu du epaimahaiak The Wild-Tempered Clavier (Anna Sammo).

Gidoiaren idazketa errekonozitu diote La perra (Carla Melo Gampert) obra kolonbiarrari, eta ikus-entzuleek, ohi bezala, gustukoen lana bozkatu dute: Les pieds dans l’eau (El Hadji Mamadou Niang).

Era berean, ibilbidea hasten ari diren zinemagileen beste hamar film labur aritu dira EHU Zuzendari Berriak sailean lehian, eta bi sari banatu dituzte: Bunnyhod (Mansi Maheswari) britainiarra izan da nagusi, eta aipamen berezia egin diote Ik Ben Her – I am Here (Cheyenne Goudswaard) herbeheretarrari.

Berrikuntza gisa, EiTB Gala ospatu dute aurten, eta Euskal Herriko animaziozko zinema ikustarazi eta saritzeko espazioa izan da Euskal Telebistako euskara eta kultura zuzendaria den Vanesa Fernandez Guerraren eskutik jaso du saria. Galaren baitan, gainera, Hergueraren beraren Sultanaren ametsa (2023) film luzea eta La Mujer Ilustrada (2023) film laburra proiektatu dituzte.

Industria alorreko sariak

Animadeba Lab laborategia antolatu dute beste urte batez, aurkezpenez, Case study (bideojokoen kasu azterketa) saioez, solasaldiz eta tailerrez osaturikoa. WIP profesionalak atalean Anna Pantinant eta Sergi Sánchezen Extasis del no goratu dute; aldiz, WIP talentu berriak atalean, Elia Serranoren Tarta proiektua.

Berria Saria banatu dute ere, euskarazko lan onenari egindako aitortza. Argizari izan da irabazlea, Marramiau sorkuntza-taldearena; estetika original batekin eta mundu osoan ezagututako pertsonaia batzuen ikuspegi hutsal bat ematen duen gai unibertsal bat jorratzeagatik aukeratu dute.