Ikastaroak 75 orduko iraupena izango du, eta kultura zentroko eragileen lana gertutik ezagutzeko aukera eskainiko zaie izena ematen dutenei. Gainera, hiru hautazko kredituren baliokidea izango da.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek zinema saioak programatzen ikasteko aukera izango dute EHU Kulturak eskainitako tailer berezi baten bidez. 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean gauzatuko da ikastaroa, eta 75 orduko iraupena izango du. Behin betiko egitaraua urriaren 3ean emango dute jakitera, 18:00etan Carlos Santamaria Zentroan egingo duten aurkezpenean.
Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zinema aretoan urte osoan zehar egiten diren zinema emanaldien programazio prozesuan parte hartuko dute izena ematen duten ikasleek, Donostia Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin, Donostia Kulturarekin, Elias Querejeta Zine Eskolarekin eta Tabakalerarekin berarekin batera.
Partaideek prestakuntza saioak jasoko dituzte, aipatutako erakunde bakoitza gertutik ere ezagutzeko. Egitasmoaren helburua publiko gaztea zine aretora erakartzea izanik, 2026ko urtarriletik aurrera, programazio taldeak prestatutako hitzordu bana atonduko dute hilabetero.
Deialdia zabalik
Izen-emate epea zabalik da dagoeneko, urriaren 11ra bitartean, eta horretarako, interesatuek beren datuak bidali beharko dituzte gi-kultura@ehu.eus helbide elektronikora: izen-abizenak, NAN zenbakia, Gradua eta ikastaroa, ikaslearen posta, harremanetarako telefonoa eta prestakuntza egiteko motibazio pertsonaleko idazkia (300 karaktere gehienez)
Hiru hautazko kredituren baliokidea izango da ikastaroa (ziurtagiria lortzeko, gutxienez, ikastaroaren %80a egin beharko da). Hala ere, antolatzaileek zehaztu dutenez, zinema programazio taldean sartzeko lekurik ez duten ikasleek 6 saioetara bertaratzeko aukera izango dute, “ECTS kreditu erdia lortzeko” aukera izanik.
Informazio osagarria, HEMEN.