Jaialdiaren atari ofizialean egunez egun zein sailez sail arakatu daitezke pelikulen emanaldiak, baita galak, hizketaldiak, mahai-inguruak zein bestelako jarduerak ere. Sarrerak hilaren 15ean, 16an eta 17an erosi ahalko dira.

72ssiff programazioa-zinea

2024ko Donostia Zinemaldirako sarreren salmenta irailaren 15ean abiatuko da, 09:00etan, eta azken urteotan bezala, mailakatua izango da. Igandean, irailaren 20ko, 21eko eta 22ko emanaldietarako txartelak erosi ahalko dira Zinemaldi Plazako leihatilan zein online; eta beste horrenbeste egin ahalko da, hurrenez hurren, larunbatean (irailaren 23, 24 eta 25eko sarrerak) eta igandean (irailaren 26, 27 eta 28ko sarrerak). Bada, zein film ikusi, zein ordutan, non, galak, hizketaldiak, mahai-inguruak, bestelako jarduerak… 2. edizioko xehetasun guztien berri eman dute gaur, izan ere, programazioa ikusgai da webgunean; egunez egun zein sailez sail arakatu daitezke.

Audrey Diwan zinemagile frantziarrak zuzendutako Emmanuelle filmak abiaraziko du aurtengo sail ofiziala, eta berau izango da, hain zuzen ere, ikusgai izango den lehen filma (K1 aretoan, 9:00etan), eta iluntzeko irekiera-ekitaldian errepikatuko dute. Aurretik,  Yorgos Lanthimosen Poor things filmari Fipresci Sari Nagusia entregatuko zaio, eta Epaimahai Ofiziala aurkeztu eta aktoreen grebaren ondorioz iaz Donostia Saria jaso izan ezin zuen Jabier Bardemi aitortza egingo diote.

Lehen txalo zaparradak entzuteko momentua izango da, baina horiek ez dute etenik izango irailaren 28ko amaiera-ekitaldira arte, non epaimahaiak sariak ezagun egingo dituen. Tartean banatuko dira 2024ko Donostia Sariak -Cate Blanchett aktorea eta Pedro Almodovar zinemagilea-, eta egingo dira EiTB zein RTVE galak. Horietarako guztietarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude.

Euskal hitzordu garrantzitsuak

Guztira 20 obra −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko partaidetza euskal herritarra osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira. Iciar Bollain Urrezko Mascorra irabazteko hautagai izango da Soy Nevenka filmarekin, eta lehiaz kanpo Querer telesaila aurkeztuko du Alauda Ruiz de Azúak.

Halaber, David Pérez Sañudo New Directors saileko hautaketan aurkeztuko duen Azken erromantikoak lanarekin lehiatuko da, eta Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Marco izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana, Belodromoak hartuko duen emanaldi berezian. Gainera, Klasikoak atalari hasiera emango dio Montxo Armendarizen Tasio film zaharberrituak.

Era berean, Izibene Oñederra zinemagileak Kimuak sailean hautatutako eta Annencyn aurkeztutako animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)Bestetik, Julen Etxeberria, Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia, Hirugarren paisaia film laburrarekin lehiatuko da NESTen. Hauen bidetik ere, Galder Gaztelu-Urrutiaren El Hoyo 2 filmak lehiaz kanpo itxiko du Culinary Zinema saila.

Zinemira sailari dagokionez, Elena Irureta aktore zumaiarra izango da omendua, eta lehiatuko diren lanen artean ikusgai izango dira Williamstarrak (The Williams) (Raúl de la Fuente), Chaplin | Espíritu gitano (Carmen Chaplin), Ciento volando (Arantxa Aguirre), Erreplika (Pello Gutierrez), Ezer ematen ez dizun mundu hori (Ernesto del Río), Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa (Jone Ibarretxe de la Cale eta Nire Falagan), Los poderes de Lolo (Miguel Alba Rico, Nino Fontán eta Itziar Bernaola), Zortziko infinitua (Naia Laka Arrizubieta); lehiaz kanpo erakutsiko dute Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte).

Amaitzeko, haur eta gazteei zuzendutako eskaintzan ere egongo euskal ekoizpenik: Batetik, Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma eskainiko da Belodromoan, eta Jon Rodríguezek zuzendutako Itsatsita Instagramerako telesail musikalaren bigarren denboraldia hartuko du EiTB Galak.

Iaz baino apur bat euskaldunagoa izango da 2024ko zinemaldia. Kursaal 1 aretoan programatutako Sail Ofizialeko film guztiak Donostia Zinemaldiko hiru hizkuntza ofizialetan -euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez- gozatu ahalko dira, eta baita beste hainbat saileko film ugari ere bai. Horiek guztiak zeintzuk diren ondo identifikatzeko zerrenda osatu dugu ZINEAn.