Aitor Arregi eta Jon Garaño moriartitarren ‘Marco’ filmaren emanaldia hartuko du Santurzine jaialdiaren 12. edizioak. Filma EITB-EUSKAL PANTAILAK atalaren baitan emango dute, lehiaz kanpo, urriaren 17an.
72. Donostia Zinemaldiaren baitan izango dugu Moriartitarren lana berriena gurean ikusteko lehen aukera aukera, Perlak sailean erakutsiko baitute. Modurik arrakastatsuenean abiatu du lanak bere bidea, Veneziako Mostran aurkeztu baitute egunotan, Orizzonti sailean.
Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.
Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Madrilen eta Alemanian errodatu dute zuzendariek Marco, eta Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeekin batera, Atresmedia Cine, La verdad inventada AIEr eta BTeam Prods aritu dira ekoizpenean. Era berean, azken hau arduratuko da banaketaz. Proiektuak EiTBren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Atresmediaren eta Movistar Plus+ taldeen parte hartzea du.
Bada, zinema-aretoetara heldu baino hilabete lehenago eta nazioarte mailako jaialdi nagusiak zapaldu ondoren, Santurtziko publikoak ere urte honetako film garrantzitsuenetako bat izango dena ikusteko aukera izango du. Filma EITB-EUSKAL PANTAILAK atalaren baitan emango dute, lehiaz kanpo, urriaren 17an, Serantes Aretoak 18:00etatik aurrera hartuko duen emanaldi berezian.
Inoiz baino film labur gehiago
Maiatzaz geroztik izan dute Santurzine – Santurtziko Film Laburren Jaialdiaren antolatzaileek aurten hamabigarren edizioa izango duen ekitaldira lanak bidaltzeko epea zabalik; uztailaren 28an itxi zuten, eta dagoeneko jasotako lan-kopurua argitu dute.
2.215 film labur aurkeztu dira deialdira, inoiz baino gehiago, eta orain hautaketa-batzordeari dagokio urriaren 3tik 19ra bitartean ospatuko duten jaialdian zeintzuk erakutsiko dituzten erabakitzea. Hiru ataletan banatuta lehiatuko dira: Estatal, Ibiltariak eta Euskal Pantailak.
Estatuko atala kategoria edozein genero edota gai jorratzen dituzten fikziozko film laburrek osatuko dute. Aldiz, Giza Eskubideen urraketei buruzko proiektuak galdegin izan ditu Ibiltariak atalak, Amnesty International-ek babestuta. Azkenik, azken bi ikasturteetako Euskal Herriko lanen esanguratsuenen lagin bat ikusi ahal izango da Euskal Pantailak kategorian; EITBk 1.000 euroko saria emango dio irabazleari.
Santurtzi atala, zabalik
Santurtzi kategorian parte-hartzeko baldintza bakarrak hamabost minutu baino gutxiagoko lana izatea da, eta gutxienez, herrian bertan grabatutako eszena bat izatea. Tokiko gizonezko antzezlerik onena eta tokiko emakumezko antzezlerik onena sarituko dira atal honetan. Horiekin batera, Urrezko Raspa (1.000 euro), Zilarrezko Raspa (500 euro) eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia (200 euro) banatuko dituzte. Epemuga irailaren 22an ezarri dute, eta wetransfer bidez seleccion@santurzine.es korreo elektronikoan jasoko dituzte.
Gainera, iaz hasitako bidea jarraituz, euskarazko film labur onena goratuko dute Andolín Eguzkitza Sariarekin (1.000 euro).
Leave A Comment