Gelditzen ziren xehetasunak tarteko, modu ofizialean aurkeztu dute jada Donostia Zinemaldiaren 72. Edizioa. Itzal handiko zinemagileen, antzezleen, gidoigileen eta ekoizleen zerrenda luze bat igaroko da Donostiako alfombra gorritik.
Pedro Almodóvar, Cate Blanchett eta Javier Bardem Donostia Saridunez gain, Donostia Zinemaldira bertaratuko diren profesionalen zerrenda luzea iragarri dute gaur Jose Lus Rebordinos zuzendariak eta Ruth Pérez de Anucita komunikazio buruak, hirurogeita hamabigarren edizioa izango denaren aurkezpen agerraldian.
Horietako asko Sail Ofizialarekin lotuta egongo dira. Esaterako, Audrey Diwan zuzendaria eta Noémie Merlant, Will Sharpe, Jamie Campbell Bower eta Chacha Huang antzezleak Emmanuelle inaugurazio-filmean egongo dira. Zinemaldiari amaiera emateko, John Crowley zuzendaria Andrew Garfield aktorearekin bertaratuko da We Live in Time aurkeztera. Donostiara etorriko dira, halaber, The Last Showgirl filmaren zuzendari Gia Coppola eta protagonista Pamela Anderson, baita The End filmaren zuzendari Joshua Oppenheimer eta Moses Ingram, Michael Shannon eta George MacKay aktoreak ere.
Le dernier souffle / Last Breath filmari dagokionez, Costa-Gavras zuzendaria eta Charlotte Rampling, Ángela Molina eta Marilyne Canto antzezleak izango dira Zinemaldian, baita izen bereko liburuaren egileak (Claude Grange idazlea eta Régis Debray filosofoa) ere. Mike Leigh zuzendaria Marianne Jean-Baptiste Hard Truths filmeko protagonistarekin izango da, eta François Ozonekin batera izango dira Donostian Hélen Vincent, Josiane Balasko eta Pierre Lottin aktoreak (Quand vient l’automne / When Fall is Coming).
Gainera, Edward Berger Conclave filmaren zuzendaria eta Hebi no michi / Serpent’s Path filmeko protagonista Damien Bonnard. Azkenik, Johnny Deppek zuzendutako bigarren film luzea aurkeztuko digu, Modi, Three Days on the Wing of Madness, lehiaz kanpo, Riccardo Scamarcio, Antonia Desplat, Bruno Goeury, Luisa Raineri eta Ryan McParland aktoreez lagunduta.
Perlak saileko filmak erakustera etorriko dira Jacques Audiard zinemagilea eta Karla Sofía Gascón aktorea (Emilia Pérez); Coralie Fargeat zuzendaria (The Substance); Emmanuel Courcol zuzendaria eta eta Pierre Lottin antzezlea (En Fanfare / The Marching Band); Paolo Sorrentino errealizadorea (Parthenope); Monica Bellucci aktore eta ekoizlea eta Yannis Dimolitsas zuzendaria (Maria Callas: Letters and Memoirs); Walter Salles zuzendaria (Ainda Estou Aquí / I’m Still Here); Sean Baker zinemagilea (Anora); Payal Kapadia zuzendaria eta Kani Kusruti, Divya Prabha eta Chhaya Kadam aktoreak (All We Imagine As Light); Isabelle Huppert aktorea, Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs filmeko protagonista; Mohammad Rasoulof zuzendaria eta Misagh Zare, Soheila Golestani, Mahsa Rostam, Setareh Maleki eta Niousha Akhsni aktoreak (Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig); Adam Elliot zuzendaria (Memoir of a Snail / Memorias de un caracol); Bird filmeko protagonista, Nykiya Adams hasiberria, eta Chris Sanders zuzendaria, Lupita Nyong’o, Macarena García eta Álvaro Morte aktoreekin batera (The Wild Robot).
Zabaltegi-Tabakalera, bere partetik, sailak nola zinemagile ospetsuak hala talentu berriak bilduko ditu: Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazle Mati Diop (Dahomey, Zabaltegi-Tabakalerako inaugurazio-filma); Beginningekin Urrezko Maskorra beretu zuen Dea Kulumbegashvili, Aprili / April aurkeztuko duena; Hiroshi Okuyama, Kutxabank-New Directors saria irabazi zuena Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus bere lehen lanarekin eta Boku no ohisama / My Sunshine (Un Certain Regard) aurkeztuko diguna. Arnaud Desplechinek omenaldia egingo dio zinemari Spectateurs! / Filmlovers! obrarekin, Cannesetik igaro ondoren; Leos Caraxek eta Tatiana Bouchain ekoizleak C’est pas moi / It’s Not Me aurkeztuko dute, eta Jane Schoenbrun (We’re All Going to the World’s Fair filmaren zuzendaria) bere bigarren film luze I Saw the TV Glow erakustera gerturatuko da Donostiara, Sundancen eta Berlinen parte hartu ondoren.
Franco Nero aktore italiar mitikoak lagunduko du Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema atzerabegirakoa eta, bereziki, Il giorno della civetta / The Day of the Owl (Damiano Damiani, 1968) filma, non bera protagonista den.
Jatorri aldetik ere, anitz
Ohikoa denez, Latinoamerikako zinemaren ordezkari ugari izango dira Donostian, Sail Ofizialeko filmak izanik gehienak: Maite Alberdi, Elisa Zulueta eta Francisca Lewin aktoreekin, Paloma Salas eta Inés Bortagaray gidoigileekin eta Juan de Dios Larrain ekoizlearekin (El lugar de la otra), baita Diego Lerman ere Leonardo Sbaraglia, Sergio Prina eta Renata Lerman aktoreekin (El hombre que amaba los platos voladores). Zabaltegi-Tabakaleran Tanya Valette eta Andrea Queralt aktoreek eta Nahuel Palenque soinu-zuzendariak Pepe filma aurkeztuko dute, eta Maximiliano Schonfeldek horixe bera egingo du Sombra grande / Big Shadow filmarekin.
Horizontes Latinos sailak, bestalde, hauek guztiak bilduko ditu: Luis Ortega zinemagilea eta Nahuel Pérez Biscayart, Úrsula Corberó eta Daniel Giménez Cacho aktoreak (El jockey / Kill the Jockey); Lola Arias zuzendaria (Reas); Celina Murga eta Joaquín Furriel eta Marina de Tavira aktoreak (El aroma del pasto recién cortado / The Freshly Cut Grass); Juliana Rojas zinemagilea eta Fernanda Vianna eta Mirella Façanha aktoreak (Cidade; Campo); Ana Endara zuzendaria eta Paulina García eta Jenny Navarrete aktoreak (Querido Trópico / Beloved Tropic); Pelo malorekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Mariana Rondón zuzendaria eta Daniela Ramírez, Francisco Denis eta Samantha Castillo antzezleak (Zafari); José Luis Torres Leiva eta María Alché (Cuando las nubes esconden las sombras), eta Salvador del Solar zuzendaria, Álvaro Cervantes eta Emanuel Soriano aktoreekin (Ramón y Ramón).
Beste delegazio nabarmendu bati so, zinemagintza espainiarrak ere ordezkari mordoa utziko du Donostian: Donostia Saria jasoko duen Javier Bardemez gainera, Pedro Almodóvarren eta haren La habitación de al lado / The Room Next Door filmaren inguruan Tilda Swinton, Raúl Arévalo, Juan Diego Botto, Victoria Luengo, Melina Matthews, Alberto Iglesias konpositorea eta Agustín Almodóvar eta Esther García ekoizleak bertaratuko dira Donostia Zinemaldira.
Sail Ofizialeko filmek zinema espainiarreko ordezkari ugari bilduko dituzte: Urrezko Maskorra beretzeko lehian hauek etorriko dira Donostiara: Pilar Palomero zuzendaria eta Patricia López Arnaiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julián López aktoreak (Los destellos / Glimmers); Soy Nevenka / I am Nevenka pelikularen ekipoa, Iciar Bollain zuzendariarekin, Isa Campo gidoilariekin, Mireia Oriol, Urko Olazabal eta Ricardo Gómez aktoreekin eta Nevenka Fernández berarekin (filma bere istorio errealean oinarritzen da); Pedro Martín-Calero zuzendaria eta Ester Expósito, Malena Villa eta Mathilde Ollivier antzezleak (El llanto / The Wailing); eta Albert Serra zinemagilea (Tardes de soledad).
Querer telesailari dagokionez (hautaketaren parte, lehiaz kanpo) Alauda Ruiz de Azúa zuzendaria Nagore Aranburu, Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Iván Pellicer eta Loreto Mauleón aktoreekin eta Eduard Solá eta Julia de Paz gidoilariekin bertaratuko da. Emanaldi bereziei gagozkiela, Javier Giner, Yo, adicto / I, Addict telesailaren sortzaile eta zuzendaria, Elena Trapé zinemagilearekin eta Oriol Pla, Omar Ayuso eta Marina Salas aktoreekin izango da Zinemaldian, eta La virgen roja / The Red Virgin filmaren aldetik, Paula Ortiz zuzendariarekin batera bertaratuko dira Najwa Nimri, Alba Planas, Patrick Criado, Aixa Villagrán eta Pepe Viyuela antzezleak.
New Directors sailak hauek bilduko ditu, besteak beste: Antón Álvarezek (C. Tangana) zuzendutako bere lehen filma aurkeztuko digu, La guitarra flamenca de Yerai Cortés musikari protagonistarekin batera, eta La llegada del hijo / Surfacing ekoizpen espainiar-argentinarrak Cecilia Atán eta Valeria Pivato zuzendariak eta Greta Fernández aktorea izango ditu lagun. Era berean, aurpegi ezagun ugari nahastuko dira ere Belodromoan zein Culinary Zinema, Zinemira eta, noski, Made in Spain sailetan.
Ikusi bertaratuen zerrenda osoa, HEMEN.
Apocalypse in the Tropics filmak osatuko du Perlak saila
Petra Costa zinemagilea Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko lehian arituko da ere, Apocalypse in the Tropics aurkeztuko baitu Perlak sailean. Brasildarraren lan berria, Veneziako Mostran lehiaz kanpo estreinatua, mugimendu ebanjelikoak arakatzen dituen ez-fikzioa da; zehazkiago, fenomeno horrek Jair Bolsonarori Brasilgo presidentetzarako bidea nola erraztu zion kontatzen digu. Film honek itxiko du urteko film luze nabarmenen aukeraketa bildumatzen duen atala.
72. edizioaren programazioa eta sarreren salmenta
Programazioa Zinemaldiaren webgunean eta komunikabide lokaletan argitaratuko da astelehenean, hilaren 9an. Aldiz, hilaren 11tik aurrera, salduko dira Filmez Film gidaliburuak Zinemaldiaren bulegoan (Tabakalerako bigarren solairuan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara, 2,50 euroren truke). Era berean, datorren larunbatetik (hilaren 14a) aurrera egongo da eskuragarri Zinemaldiak Kursaalean gaitzen duen informazio gunean (zabalik 16tik 21era 09:00etatik 20:00etara eta 22tik 30era 08:30etatik 22:00etara).
Sarreren salmenta orokorra igandean –hilaren 15ean– goizeko 09:00etan abiatuko da. Egun horretan Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (ostirala 20, larunbata 21 eta igandea 22); astelehenean, hilaren 16an, astelehenerako (hilaren 23a), astearterako (hilkaren 24a) eta asteazkenerako (hilaren 25a) sarrerak erosi ahalko dira, aurreko jardunaldietarako eskuragarri geratzen diren sarrerez gain; eta, azkenik, hilaren 17an (asteartean) jarriko dira salgai, ostegunerako, ostiralerako eta larunbaterako (hilaren 26a, 27a eta 28a) sarrerak, baita gainerako saioetakoak ere.