erreplika-pello gutierrez-zinea

Pello Gutierrezek zuzendu eta Zazpi T’erdik ekoiztutako film luzeak 72. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean izango du mundu-estreinaldia. Zinemagile donostiarrak “irudi ezaren bitartez” kontatutako istorioa dakar.

Donostia Zinemaldiko 72. edizioan ikusiko du argia Pello Gutierrezen Erreplika dokumentalak, Zinemira atalean, eta bertan erakutsiko dituzten beste zortzi proposamenak bezala, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaia izango da. Hitzordua iritsi bitartean, zuzendari donostiarraren lan berrienaren lehen irudiak ezagutzeko aukera dago.

Gutierrezek bakarka zuzendu duen lehen film luzea da Erreplika, eta XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, haren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan eraikitako hausnarketa dakar: “Irudi baten ausentzia bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?”.

Sortzaileak adierazi duenez, 1979an ermitako horma-hobian gelditu zen zuloak, “irudi huts” horrek, bultzatu du gidoia idaztera, eta duela urte batzuk zendu zen aitaren filmetara itzuli  –Zikuñagako ama (1978), bederen- eta “memoria pertsonaleko ariketa” egiteko lagungarri izan zaio, nola ez, zinema baliatuz: “Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez”.

Bada, aurreratu duenez, bere ahotsa izango du Erreplika-k gidari, eta ezagutuko ditugun protagonistek emango diote jarraipena. “Iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz”, zehaztu du donostiarrak.

Filma testuinguratzeko asmoz, Zikuñagako ermita herriko paper-fabrikaren lurretan zegoela gogorarazi du Gutierrezek, eta hain zuzen ere, eraikinaren sortzaile eta zuzendaria haren aitona izan zela, Felipe. Bada, Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean aurkeztuko digun obrak bere familiaren istorioa ekarriko digu, “ustekabeko hutsune berriak” agertuko zaizkion kontakizunean, baina “pertsonaletik kolektibora” zubia eraikiz, baita herriarena ere.

Zazpi T’erdi kolektiboaren ekoizpena da Erreplika. EiTBren parte hartzea du, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ondu du; proiektua hainbat foro eta laborategitatik igaro da gainera. Besteak beste, EiTB Zinebi Networking 2022 sariaren irabazlea izan da.

Jarraian duzue trailerra: