Alan giza antena (Amalie Næsby Fick, 2023) da Donostia Zinemaldiak  Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan emango duen filma. Gainera, Haurrentzako Zinema sailaren programak familientzako sei film eskainiko ditu.

Ohi bezala, Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center erakundeak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatutako jardueran, zinema eta zientzia lotzen dituen film baten emanaldira joan ahalko dira 6-11 urteko milaka haur Belodromoan. Oraingo honetan, Ikastetxeak Belodromoan izeneko ekimenak bizitza estralurtarra izango du ardatz, Alan giza antena (Amalie Næsby Fick, 2023) filmaren emanaldia hartuko baitu.

Alanek 11 urte ditu, eta uda bakarti batean giza-antena lanak egiten amaitzen du, objektu hegalari ezezagunekin obsesionatuta dagoen bizilagunarentzat. Baina aurkitzen dutena Britney da, estralurtar neska bat. Eskolarako lan bat egiten ari da giza arraza primitiboari buruz. Alanek etxera itzultzen lagundu beharko dio, neska giza espeziea ulertzen saiatzen den bitartean.

Filma euskarara bikoiztuta emango da eta, halaber, hainbat ezustekoz beteriko aurkezpen original bat izango du. Saioetan zehar, gainera, belodromoa bat-bateko behatoki astronomiko inprobisatua  bilakatuko, unibertsoaren mugagabetasunarekin konektatzeko eta, ikuspegi zientifiko batetik, beste planeta batzuetan bizia existitzeko probabilitateari buruz geure buruari galdekatzeko.

Donostia, zinema-hiria, zientzia-hiria goiburuarekin, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago izango dira Belodromoko sei saioetan, irailaren 20an (ostirala) eta 27an (astelehena).

Haurrentzako zinema

Bestalde, Donostia Zinemaldiak familientzako sei filmez osatutako hautaketa bat aurkeztuko du 72. edizioan. Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak izango dira hauek, eta jaialdiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean egingo dituzte, Príncipe zinema-aretoetan. Saileko film guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira, Zineuskadik Zinema Euskaraz programaren esparruan gauzatutako lankidetzari esker.

  • ROBOTIA (Diego Cagide eta Diego Lucero, 2024). Androideak bizi diren mundu batean dago girotuta: neskato batek futbolean aritzeko ametsa du, familiak kirol hori debekatu badio ere.
  • DEEP SEA. SAKONTASUNERA BIDAIA BAT (Tian Xiao Peng, 2023). Txikitan amak abandonatutako neskato batek itsas bidaia bati ekin eta espero ez zituen gauzak deskubrituko ditu.
  • HEROI TXIKIAK. BALENTRIA HANDIAK(Sophie Roy, 2023). Hegal bakar bat izanik atoi batean ezkutatu eta bere bizitzako bidaia egingo duen tximeleta ausart baten istorioa.
  • DRAGOI JAGOLEA (Salvador Simó eta Li Jianping, 2024). Azken dragoi biziari ziegetatik ihes egiten lagunduko dion neskato baten pasadizoa.
  • BOO KWAI ETA MUSEOAREN LAPURRETA (Yunfei Wang, 2022). Bere asmakizunetako bati esker unibertso paralelo batera ustekabean iritsiko den haur bihurri baten abentura.
  • ABENTURA ERRALDOIA(Eduardo Schuldt, 2023). Hiru lagunek Nazca kulturan oinarritutako mundu ezezagun batera joateko ustekabeko bidaia egingo dute.