2022ko maiatzaz geroztik martxan den egitasmoa bertan behera utzi dute “kultur elkartearen barne arazoak” medio. Horiek konpondu ondoren ikus-entzunezko proiekzioak berrartzeko asmoa agertu dute.
Ikaskuntza, hausnarketa eta ekintzarako aterpe izan den Doku-Mental zikloak jarraipenik izango ez duela jakinarazi dute Gasteizko Orbain Kultur Elkarteko kideek: “Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokalean egin behar diren obrak direla eta, 2022ko maiatzetik 2024ko ekainera arte egiten ari ziren proiekzioak bertan behera geratuko dira”.
Kultur jarduerak iraun duen bitartean bidelagun izan dituzten pertsona guztiei eskerrak emanez agurtu dira antolatzaileak, zikloa berrartzeko atea irekita utziz betiere: “Lerro hauen bidez, Orbain Kultur Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie benetan kultur jarduera horri proiekzioa eta publizitatea eman dioten komunikabide eta pertsona guztiei, eta espero du egungo arazoak konpondu ondoren ikus-entzunezko emanaldiei berriro ekitea”.
Gai sozialak eta gizartean pil-pilean daudenak izan ditu ardatz Doku-Mental zikloak. Aurten, 27 lan pantailaratu dituzte astearteetako hitzorduetan, eta ikus-entzunezkoetan jorratutako gaiak aztertzeko adituak gonbidatu dituzte solasaldietara.
Hala nola, emakumeek egindako nekazaritza, tortura, adimen artifiziala, sare sozialak, genozidio israeldarra, LGTBIQ+ kolektiboa… izan dute hizketagai, eta noski, musikak berebiziko presentzia izan du, Hala Bedi Irratiko ‘El Pintalabios’ saioko kideen parte hartzearekin.
Leave A Comment