Donostiako Film Laburren Festibala urriaren 9tik 12ra bitartean ospatuko dute, eta guztira, 22 lan erakutsiko dituzte, Antzoki Zaharrean.

Donosskino_24-zinea

Kristonkino ikus-entzunezko fikziozko kolektiboak Donosskino – Donostiako Film Laburren Festibalean lehiatuko diren lanen berri eman du. Guztira, 22 ekoizpen erakutsiko dituzte ShortZinema Sailean, eta denak ere, azken eguneko itxiera-ekitaldian aitortzak jasotzeko hautagaiak izango dira.

Urriaren 9tik 12ra bitartean ospatuko dute 2024ko jaialdia, ohi bezala, Donostiako Antzoki Zaharrean. Lehen hiru egunetan, 19:30etik aurrera egongo dira ikusgai film laburrak, tartean, Betiko gaua (Eneko Sagardoy) eta Ximinoa (Itziar Leemans).

Euskara hutsean errodatutako lana da lehena, Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duena. Nerea Ibarzabalen gidoia dauka proiektuak, eta  punta-puntako aktore-taldea dauka: Elena Irureta eta Miren Gaztañaga. Ama-alabaren roletan, batak bestea jarraituko du errepidean zehar, eta autoak gasolindegi batean geldituko direnean iradokiko zaigu ihesaren zergatia. Agurrari buruz ari zaigu hizketan Betiko gaua, elkarrekin pasatako urteen nostalgiaz, eta maite ditugunak betiko aldentzen zaizkigunean sentitzen dugun bakardade eta hustasun sentipenaz.

Bestetik, 2023ko KIMUAK katalogoan hautatua izatetik dator Ximinoa. Euskaraz eta frantsesez egindako fikziozko lan honetan, Junek, udako lehen lana aurkitu du. Constance zaintzen du, maitasun eskasez den neskato sentikorra. Junek laster mantsotzen du haurra eta Elisabethen, bere amaren, konfiantza lortzen du. Junek familia berria atzeman izanaren ilusioa du, baina, lehen okerrean, etxeko langile estatutura itzularazten dute. Klase harremanen bortizkeria eta bere identitatearen ukapena aurkituko ditu. Ainara Leemans, Anaïs Villiot Chantelauze eta Sarah Chantelauze dira protagonistak.

Bata zein bestea ondorengo lanekin lehiatuko dira: Utländsk (Alba Lozano), Lucia (Marta Etura), Escrito por Ib (Ibon Hernando), Lemon tree (Rachel Walden), Pena’s Special Hauling (Anssi kasitonni), The wake (Luis Gerard Gonzalez), La asistente (Pierre Llanos), Nada de todo esto (Patricio Martinez, Francisco Canton), La ley del mas fuerte (Raul Monge), Don’t even know you (Anna Volosnik), Sabado (Andrea Casaseca), La Snob (Kristina Lauren Anderson), Cuarentena (Celia De Molina), La reina del Pop (David Goñi Artigas), Lava (Carmen Jimenez), We’re Still Here (Larissa Murai, Matheus Malburg), Quién llama (J.A Villalobos), La compañía (Jose Maria Flores), The Fruter And The Husband (Nacho Barcena Martin) eta Normas de higiene (Amaia San Sebastian).

Sarrerak doan

Donosskino – Donostiako Film Laburren Festibalaz gozatu nahi dutenek gonbidapena eskatu beharko dute ezinbestean. Horiek Antzoki Zaharreko leihatilan jaso daitezke doan, urriaren 9tik aurrera (11:30-13:30 / 17:00-20:00).