Irekiera zein itxiera ekitaldietarako eta Donostia Sarien -Cate Blanchett eta Pedro Almodovar- saioetarako txartelak gaurtik aurrera (10:00etatik aurrera) eskuratu daitezke; 80 eta 50 euroko kostua dute, hurrenez hurren. Lau galen zuzendaritza eta goiaz Terrat (The Mediapro Studio) arduratuko da.
Datorren irailaren 20an, Kursaal Jauregiko auditorioan emango diote hasiera 72. Donostia Zinemaldiari, eta Andreu Buenafuente zein Berto Romero izango ditu aurkezle; komiko ezagun kataluniarrek Barbara Goenaga ere izango dute aldamenean. 21:00etan ekingo diote irekiera-galari eta ETB1en zein eitb.eus atarian jarraitu ahal izango da zuzenean, baita La2 katean, RTVE Play streaming plataforman zein Zinemaldiaren webgunean bertan.
Halaber, Yorgos Lanthimosen Poor things filmari Fipresci Sari Nagusia entregatuko zaio, eta Epaimahai Ofiziala aurkeztu eta aktoreen grebaren ondorioz iaz Donostia Saria jaso izan ezin zuen Jabier Bardemi aitortza egingo diote. Ostean, Audrey Diwan zinemagile frantziarraren Emmanuelle filma pantailaratuko dute, sail ofiziala abiatuko duena.
Irailaren 28ko amaiera-gala, bestalde, Itziar Ituño eta Malcolm Treviño-Sitté aktoreek aurkeztuko dute. Atzo jakinarazi zutenez, John Crowley irlandarrak zuzendutako We Live in Time drama erromantikoak borobilduko du sail ofiziala, lehiaz kanpo erakutsiko dutena. Bi ekitaldiotarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 80 euroren truke. Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan eskuratu daitezke.
Donostia Sariaren galak
Ezagun denez, Cate Blanchett aktoreak eta Pedro Almodovar zinemagileek jasoko dute beren ibilbide profesionala goratzen duen aitortza, Aktore eta ekoizle australiarra omenduko duen saioa Marta Etura antzezleak aurkeztuko du, eta ostean, Rumours filma eskainiko dute, Cannesko Zinema Jaialdian estreinatutakoa. Guy Maddinek eta Evan eta Galen Johnson anaiek zuzendutako filmean, Blanchettek Alemaniako kantzilerraren rola egin du, G7ko bilera batean anfitrioi-lanak egiten dituena, krisi global batean egonik.
Almodovarri harrera Eneko Sagardoyk egingo dio, eta saria, Tilda Swintonen eskuetatik jasoko du. Izan ere, berau protagonista duen eta Veneziako Mostran lehiatu berri den The Room Next Door filma proiektatuko dute.
Donostia Sariaren bi galak ETB4n zein eitb.eus atarian eta La 2 zein RTVE Play plataforman emango dituzte zuzenean. Lehena, irailaren 21ean, 19:15ean; hurrena, hilaren 26an, 18:00etan. Entrega-ekitaldiotarako txartelek 50 euroko kostua dute.
Zinemaldia Plus+ fokua
Tabakalerarekin lankidetzan, urtero legez, Donostia Zinemaldiak, ohorezko saria jasoko duten profesionalekin lotutako saio bereziak atonduko ditu aurten ere. Zinemaldia Plus+ fokuaren baitan, Blanchetten ibilbidea ospatuko duen Notes on a Scandal (Richard Eyre, 2006) filma proiektatuko da.
Aldiz, Almódovarri eskainitako hitzorduak hiru film labur hartuko ditu: Strange Way of Life (2023), Ethan Hawke eta Pedro Pascal aktoreekin, Cannesen estreinatua; The Human Voice (2020), Tilda Swinton protagonista duena; eta La concejala antropófaga (2009), Carmen Machi eta Penélope Cruzekin egindakoa.
Lehenengo saioa irailaren 7an izango da, eta bigarrena, 14an. Bata zein bestea 19:00etan hasiko dituzte.
Leave A Comment