John Crowleyk zuzendu eta Andrew Garfield zein Florence Pugh aktore dituen drama erromantikoa lehiaz kanpo erakutsiko dute. Kursaal 1 aretoan egingo duten amaiera-galan ikusteko sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahalko dira.
Aspalditik genekien Audrey Diwan zinemagile frantziarraren Emmanuelle filmak abiaraziko duela irailaren 20an aurtengo Donostia Zinemaldia, eta orain, 72. edizioa agurtzeko aukeratutakoa jakinarazi dute antolatzaileek. John Crowley irlandarrak zuzendutako We Live in Time drama erromantikoak borobilduko du sail ofiziala, lehiaz kanpo erakutsiko dutena.
Zinema, antzerki eta telebista zuzendaria da Crowley, eta 2003an InterMission lanarekin debuta egin zuenetik, dozena erdi bat film zuzendu ditu. Oraingoan, Nick Paynek idatzitako istorioa dakarkigu, Florence Pugh eta Andrew Garfield aktore protagonista dituena.
Almut eta Tobias interpretatuko dituzte, hurrenez hurren; ustekabeko topaketa batean ezagutuko dute elkar. Bizitza komuneko pasarteen bidez −maitemindu egingo dira, etxe bat eraikiko dute, familia bat osatuko dute, etab.− egia korapilatsu bat erakutsiko zaigu, bikotearen funtsak suntsitzeko arriskua dakarrena. Denboraren mugek desafiatzen duten bide bati ekiten dioten heinean, euren maitasun-istorioak ezohiko norabide bat hartu eta une bakoitza balioesten ikasiko dute protagonistek hamarkada batean zehar.
Filmak Europa mailako estreinaldia izango du Zinemaldian, eta Kursaal 1 aretoan egingo duten amaiera-galan ikusteko sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahalko dira. 2025eko urtarrilaren 3an estreinatuko da pelikula Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan, Beta Fiction Spainen eskutik.
Leave A Comment