Iraileko eskaintzaren baitan Oskar Alegriaren Zinzindurrunkarratz eta Negu Kolektiboaren Negu hurbilak filmak pantailaratuko dituzte.

Nafarroako Filmategia 2024-iraila-zinea

Abuztuan atseden hartu ostean, indarberrituta ekingo dio Nafarroako Filmategiak 2024-2025 ikasturteari. Saio berezi batekin abiaraziko dute egitaraua bihar, hain zuzen ere, ekainean martxan jarri zuten film klasikoen kartel lehiaketako irabazlearen emanaldiarekin. Aurten 50 urte beteko dituen The Conversation (Francis Ford Coppola, 1974) egongo da ikusgai, Javier Torrens kideak aurkeztuta.

Bigarren saio berezirako Beltza Weekend jaialdiarekin bat egingo dute, hala, 20 Feet from Stardom (Morgan Neville, 2013) emango dute; hirugarrenean, aldiz, Lillian Gish aktoreari egingo diote omenalditxoa. Haren biografia idatzi duen Juanjo Ezquerrok aurkeztuta, Broken Blossoms (D.W. Griffith, 1919) berrikusteko aukera egongo da.

Lurraldeko ekoizpenei tokia egin ohi die Nafarroako Filmategiak hilabetero. Oraingoan, Karlos Alastrueyren unibertso partikularrera egingo dute lehenik bidaia, 2013an hasi eta 2018an errodatzen bukatu zuen Entre el agua y la tierra film luzea ekarriko dute. Hurrengo saioan, filmategiak antolatutako zinema tailerreko ikasleek ondutako film laburrak erakutsiko dituzte, eta jarraian, Oskar Alegriaren lan berriena -nazioartean saritutakoa- pantailaratuko dute: Zinzindurrunkarratz (irakurri kritika, hemen). Laugarren saioan Negu Kolektiboaren Negu hurbilak opera prima eskainiko dute (irakurri kritika, hemen), zuzendariak bertan izango direlarik.

Irailean, gainera, Palestina ardatz duen zinema zikloaren laugarren edizioa ere egingo da, SODePAZ eta Internazionalistak Auzolanean erakundeekin elkarlanean antolatutakoa. 2012tik 2019ra bitartean ondutako hiru ekoizpenek osatuko dute programa: A World Not Ours (Mahdi Fleifel, 2012), Nacido en Gaza (Hernán Zin, 2014) eta It Must Be Heaven (Elia Suleiman, 2019).

Espetxeen munduari eta justizia errestauratiboari buruzko zinema zikloak hiru saio izango ditu, bestetik. Berau zigor-sistematik kanpo nola aplikatzen den erakutsiko duten lanak hartuko ditu: Beyond Right and Wrong: Stories of Justice and Forgiveness (Lekha Singh eta Roger Spottiswoode, 2012), Un prophète (Jacques Audiard, 2009) eta Nous tous (Pierre Pirard, 2011).

Ateneok aurkezten du… atalean Aravindan Govindan zinemagile indiarraren Thampu (1978) berreskuratuko dute; Punto de Vista Fokuan, azkenik, Francoren diktadurapean sorturiko Instituto de Investigaciones y Experiencias Cinematográficas  zinema eskolaren ondareari errepasoa emango dion La primera mirada (Luis E. Parés, 2023) dokumentala egongo da ikusgai.

2024ko iraileko egitarauari buruzko informazio osagarria, hemen.