Animadeba animazio jaialdiaren 17. edizioak animazioaren erdigune bilakatuko du Debako herria, irailaren 4tik 7ra. Bihar ekingo dio egitarauari, Donostian egingo den EHU – Zuzendari Berriak saileko primiziako proiekzioarekin.

Gaur goizean aurkeztu dute Animadeba jaialdiaren 17. Edizioa,  San Telmo museoan egindako prentsa agerraldian. Nazioarteko film labur lehiaketa eta haur zein helduentzako film luzeak nabarmendu dituzte bertan, horiek baitira, hain zuzen, ekimena ardazten dutenak.  Hala, mundu osoko 83 herrialdetako 1200 film labur aurkeztu dituzte deialdira, eta horien artean hautaturiko 22 proiektatuko dira jaialdian.

Denera hamar izango di Sail Ofizialeko lehian parte-hartuko duten lanak, tartean, TO BIRD OR NOT TO BIRD (2023) Uniko Euskal Herriko ekoiztetxearen film laburra. Era berean, ibilbidea hasten ari diren zinemagileen beste hamar film labur arituko dira EHU Zuzendari Berriak sailean.

Aldiz, lehiaketaz kanpo, animazio munduko lan azpimarragarri batzuen bilduma hartuko du PANORAMA sailak, DEATH WHISTLE musika taldearekin batera, animazioa eta musika uztartuko dituen ikuskizunean.

Honetaz gain, industriari begira, Animadeba Lab laborategia antolatu dute beste urte batez, Work In Progress aurkezpenez, Case study (bideojokoen kasu azterketa) saioez, solasaldiz eta tailerrez osaturikoa. Paraleloan, kontzertu, ikuskizun eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango dute gipuzkoar kostaldeko herrira gerturatzen direnek.

Ikusi programazioa xehe, HEMEN.

EITB GAUA

Berrikuntza gisa, EITB gala ospatuko dute aurten lehen aldiz. Irailaren 6arekin, ostiral gauean, egingo dute hitzordua, eta Euskal Herriko animaziozko zinema ikustarazi eta saritzeko espazioa izango da.  Hala, aurtengoan, Isabel Herguera zinemagile donostiarrak jasoko du EITB saria.

Galaren baitan, gainera, zuzendaria beraren Sultanaren ametsa (2023) film luzea eta La Mujer Ilustrada (2023) film laburra ere proiektatuko dira.

FILMIN plataforma bidelagun

Jaialdiari eskainitako leihotxoa izango da FILMIN ordainpeko plataforman zinemaldia amaitu ondorengo bi asteetan. Hala, Deba ingurura hurbiltzerik ez dutenek ere izango dute aukera bi sail lehiakorretako -Sail Ofiziala eta EHU Zuzendari Berriak- zein PANORAMA ataleko filmak etxetik ikusteko.