Aitor Arregi eta Jon Garaño Moriartitarren film berria, Marco, ostiral honetan, abuztuak 30, estreinatuko da Veneziako Zinema Jaialdiaren 81. edizioan. Lanaren mundu mailako estreinaldia Orizzonti sailean izango da, beste 18 film luzerekin lehian.

Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da Marco, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia.  Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.

Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Madrilen eta Alemanian errodatu dute zuzendariek Marco, eta Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeekin batera, Atresmedia Cine, La verdad inventada AIEr eta BTeam Prods aritu dira ekoizpenean. Era berean,  azken hau arduratuko da banaketaz. Proiektuak EiTBren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Atresmediaren eta Movistar Plus+ taldeen parte hartzea du.

Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdian

Filmak gaur, abuztuaren 30an, izango du mundu mailako estreinaldia. Veneziako Zinema Jaialdiaren 81. edizioan izango da, Orizzonti sailean, beste 18 film luzerekin lehian. Lehen aldiz EITBren parte-hartzea duen pelikula bat lehiatuko da nazioarteko zinemaldi jaialdi entzutetsuaren sail honetan. Debra Granik zinemagile eta gidoilari estatubatuarra izango da Orizzonti saileko epaimahaiburua, eta gainerako kideekin film, zuzendari, emakumezko zein gizonezko aktore eta gidoi onenaren sariak ebatziko ditu. Baita Epaimahaiaren Orizzonti Sari Berezia ere.

Ostean, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako lana 72. Donostia Zinemalditik igaroko da ere. PERLAK sailean erakutsiko dute, hain zuzen ere, atalari amaiera emanaz, baina ez da Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko lehian izango. Halaber, ohi denez, Zinemaldiaren azken egunean, Belodromoan amaierako galaren zuzeneko emanaldia egingo da. Gala horren aurretik, 18:45ean,  Marco filmaren emanaldi bereziaz gozatzeko aukera izango da.