Proiektuak irailaren 2ra arte aurkez daitezke, eta ohi bezala, hautatutako sortzaileek zortzi asteko egonaldia egingo dute, bi alditan banatuta. Egitasmoak hamarkada bete duela-eta, liburu berezi bat eta film-egunkari bat argitaratuko dituzte.

Ikusmira Berriak 11-zinea

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatuta, ikus-entzunezko proiektuak laguntzeko Ikusmira Berriak programa eta egonaldiak 11. edizioan izena emateko aukera zabalik da. Irailaren 2ra arteko epea izango da Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako sortzaileen zinema-proiektuak, Nest sailean parte hartutakoak eta EQZEko ikasleenak aurkezteko. Ondoren, horiek guztiak aztertu eta azaroan jakinaraziko dira bost kategoriatan hautatu diren lanak.

Aurten ere, Tabakalera zentroan egin beharreko zortzi asteko egonaldia bitan banatuko da: proiektua martxan jartzeko sei aste, 2025eko martxo eta apirilean; beste bi aste, Donostia Zinemaldian bertan, zuzendariek beraiek proiektua, ordurako garatu samar izango dutenean. Hala, zinema-industriako ordezkarien aurrean aurkezteko aukera izango dute. Maiatzetik irailera bitarteko tartean, aldiz, bere kontura ariko dira lanean zinemagileak, industriako adituen batzordearen aldetik online tutoretza jasoko duten bitartean.

Deialdiaren oinarriak eta gainerako informazioa programaren orrialdean dago eskuragai.

Hamarkada bat, 50 proiektu

Nazioartean sendotuz doan egonaldi-programa da Ikusmira Berriak, izan ere, 2015ean lehenengo edizioa martxan jarri zutenetik mundu osoko zinema jaialdietan parte hartu dute bertan landutako 21 proiektuk (15ek sariak jaso dituzte); guztira, 50 proiektu garatzen lagundu du deialdiak.

Bada, hamarkada bete du egitasmoak, eta urteurrenaren harira, liburu berezi bat argitaratuko dute, programari buruzko ahotsak, irudiak eta gogoetak jasoko dituena. Donostia Zinemaldia, Tabakalera eta EQZE ari dira berau prestatzen. Egonaldian filmak irudikatzen hasi ziren zinemagileen begiradaren bidez eratuta egongo da liburua, eta Ikusmira Berriak ekimenaren historiaren parte diren pertsonek eta hainbat esparrutako profesionalek ere parte hartuko dute.

Bestetik, deialdiaren baitan garatutako filmak estreinatu dituzten zinemagileen partaidetzarekin prestatutako film-egunkari bat zabalduko du EQZEko ikasle izandako Magdalena Orellana zinemagileak. Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioa hasi arte, ikus-entzunezko piezak argitaratuko dira arian-arian, egonaldietan garatutako filma jada estreinatu duten zinemagileen esperientzia jasotzeko. Film-egunkariaren lehen zatiak Jaione Camborda donostiarra du protagonista, iazko ekitaldian Urrezko Maskorra irabazi zuena O Corno lanarekin.

Film-egunkariaren lehen atala ikusgai duzue, jarraian.