Etxe Betea egitasmoak sustatutako Gela bat norberarena egonaldi artistikoaren bosgarren deialdiak 102 proposamen jaso ditu 2024an. Horien artean, bi aukeratuko dira, eta bakoitzak 9 hilabetez izango du ostatua, 5.000 €-ko laguntza ekonomikoa eta mentoretza-zerbitzua.
Virginia Woolfen omenez sortu zuten ‘Gela bat norberarena’ izeneko egoitza artistikoa, 2017an. Naiara Carmona izan zen lehen urte hartako artista egoiliarra, eta Esti Urresolak hartu zion lekukoa 2018an. Hirugarren urtean, Ainhoa Rodríguez izan zen onuraduna eta, aldiz, iazkoan, Mikele Landa zinemagile bizkaitarra eta María Herrera López ekoizle eta zuzendari espainiarra izan ziren hautatuak.
Bada, iaz zabaldutako bideari jarraiki, bi emakume zinemagileri zabaldu diete deialdia 2024an ere. Hala, egoitzetako bat euskarazko proiektua duen sortzaile batentzat izango da, eta bestea beste edozein hizkuntza (gaztelania, katalana, aranera, valentziera, ingelesa) erabiliko duen zinemagile batentzat. Parte hartzaile bakoitzak gela fisiko propioa izango du bederatzi hilabetez Bilboko eraikinik enblematikoenetako batean, 5.000 euroko laguntza ekonomikoaz gain.
Egoiliarrek beraiek proposatuko dituzte aholkulariak beren proiektuentzat, eta Etxe Betea egitasmoko talde-motorea arduratuko da bakoitzarentzat egokiena hautatzeaz. Gainera, egoitza artistikoaren barruan parte-hartzaileentzako akonpainamendu feminista egongo da.
Mentoretzak 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean egingo dira, eta egoiliarra eta mentorea hilean behin bilduko dira. Hori horrela izan dadin, hautatutako egoiliarrek ondorengo data hauetan bertaratzeko konpromisoa sinatu beharko dute: 2024ko azaroaren 25etik 29ra, 2025eko martxoaren 10etik 14ra eta 2025eko ekainaren 9tik 13ra.
Deialdiaren erantzun handia
Etxe Betea egitasmoak sustatutako Gela bat norberarena egonaldi artistikoaren bosgarren deialdiak 22 eta 60 urte bitarteko 102 proposamen jaso ditu denera, jatorriari dagokionean, Espainia, Kuba, Argentina, Mexiko, Frantzia, Grezia, Kolonbia, Costa Rica, Venezuela, Peru, Ekuador, Paraguai eta Alemaniatik iritsitakoak. Aurkeztutako proiektuetako hizkuntzei dagokienez, 84 gaztelaniaz idatzita daude, 11 euskaraz, 2 valentzieraz, 2 ingelesez, 2 katalanez eta 1 portugesez.
Hala, datorren irailaren 23an, Donostiako Zinemaldiaren baitan, Egia auzoko Garraxi tabernan emango dira ezagutzera zinemagile hautatuen izenak.