Hogeita bat film luzez osatuta egongo da Made in Spain saila, Donostia Zinemaldiaren baitako sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat biltzen duena. ‘Tiempo de silencio y destrucción’ eta ‘Mucha mierda’ filmen mundu-estreinaldiek emango diote hasiera eta amaiera, hurrenez hurren, sailari.
Joan López Lloreten Tiempo de silencio y destrucción pelikulak emango dio hasiera Made in Spain sailari, mundu-estreinaldi gisa. Filmak Luis Martín-Santos idazle eta psikiatraren −duela mende bat jaio eta orain dela 60 urte zirkulazio-istripu batean hil zenaren− figura berritzeko bidaia jasoko du.
Bestalde, Alba Sotorrak Mucha mierda / Break a Leg lanaren mundu-estreinaldiarekin emango dio amaiera sailari. 1975eko aktoreen grebari buruzko dokumentala da, Marisa Paredes, Rocio Dúrcal, Ana Belén, Tina Sainz, Juan Diego, José Sacristán eta beste hainbat aktorek lehen eskutik kontatua.
Antonio Chavarrías zinemagileak La abadesa / Holy Mother filmarekin hartuko du parte. Málagako zinema-jaialdian lehiatu zen filma, eta Daniela Brownek etsaitasunezko ingurune bati aurre egin beharko dion IX. mendeko abadesa gazte baten rola antzezten du bertan.
Aldiz, Simón Casalek zuzenduriko Justicia artificial zinema beltzaren kutsua duen thriller politikoa da, eta Verónica Echegui, Alberto Ammann, Tamar Novas eta Alba Galocha ditu protagonista.
Norberta komediako protagonistak Luis Bermejo eta Adriana Ozores dira. Bikote bati bizia ematen diote, eta gizonak bere bizitza aldatu eta Norberto izatetik Norberta izatera igarotzeko premia sentitzen du. Zuzendariak Sonia Escolano eta Belén López Albert dira.
D’A Film Festivalen izan ondoren, Marc Ferrerek Reír, cantar, tal vez llorar / To Laugh, To Sing, Perhaps To Cry aurkeztuko du Made in Spainen. Protagonista adin ertaineko emakume trans bat da eta Bartzelonara iritsi berri den etorkin marokoar batekin harreman bati ekingo dio.
Málagan Kritika Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Berezia irabazi zuen Nina aurkeztuko du Andrea Jaurrietak, non Patricia López Arnaizek bere haurtzaroko herrira mendeku bila itzultzen den emakume baten rola jokatzen duen.
Segundo premio / Saturn Return, Isaki Lacuestak eta Pol Rodríguezek zuzendua, Los Planetas rock-talde granadarrari buruzko “ez-filma” da eta Málagako jaialdian Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga lortu zuen, zuzendari onenaren eta muntaketa onenaren golardoez gain.
Sonia Méndez zuzendari eta aktoreak As Neves fikziozko bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostian. Galiziako mendi-herri batean girotua dago, eta inauterietako festaren testuinguruan gertatzen den nerabe baten desagerpena du oinarri.
Paco Rocaren izen bereko komikian oinarritua, Álex Montoyaren film luze berria da La casa, Málagan gidoi onenaren eta musika onenaren Zilarrezko Biznagak eta Publikoaren Saria eskuratu zituena. Montoyaren hirugarren filma da, eta aita hil ondoren familiaren etxearekin zer egin erabaki beharko duten hiru anai-arreben arteko topaketa kontatzen digu egileak bertan.
Sueños y pan / Dreams and Crumbs, Luis (Soto) Muñozen lehen film luzea, Atlàntida Mallorca Film Festen estreinatu zen, film nazional onenaren DAMA Agustí Villaronga saria irabazita. Lapurtu duten koadro bat saltzeko plan bat martxan jarriko duten bi gazteri buruzkoa da filma.
Emma Vilarasau, Enric Auquer, Maria Rodríguez Soto, Alberto San Juan, Clara Segura, Jose Pérez-Ocaña eta Macarena García dira Casa en flames / A House on Fire filmaren protagonistak. Ustekabeko familia-topaketa bat da Dani de la Ordenen komedia dramatiko honen muina.
Flores del cemento / Concrete Flowers, indarkeria eta gainbehera nagusi diren mundu batean bizirik dirauten gazte batzuen erretratua, Luismi Pantigaren lehen film luzea da. Gijóngo zinema-jaialdiko Esbilla Premiere sailean estreinatu eta BAFICIko lehen lanen sailean parte hartu zuen filmak.
Celia Rico Clavellinoren bigarren filma da Los pequeños amores / Little Loves eta Zilarrezko Biznaga Epaimahaiaren Sari Berezia eta Taldeko emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga (Adriana Ozores) irabazi zituen Málagan. Bi ama-alaben istorioa kontatzen du: Elkarrekin igaroko dute uda biek, baina sekula ez daude ados, ezta gauzarik hutsalenetan ere.
Chema Rodríguezek Publikoaren Saria lortu zuen Málagako jaialdiko Zonazine sailean Orgullo vieja filmarekin. Bakarrizketari izateko ametsa dute filmeko protagonistek, emakume talde batek.
Salvador Simók eta Li Jianpingek elkarrekin zuzendu dute Dragonkeeper, Málagako azken jaialdia inauguratu zuen animaziozko filma, bizirik geratzen den azken dragoiari ziegetatik irteten lagunduko dion neskato baten abenturei buruzkoa.
Saturnok, Daniel Torneroren lehen lanak, Málagako zinema-jaialdiko Dokumentalen Sail Ofizialean parte hartu eta Publikoaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zuen. Lehen pertsonako kontakizun honetan, zuzendariak aurre egin behar die bere aitonaren –adingabeen abusuagatik kondenatua izan zenaren– oroitzapenei.
Liliana Torres egileak Mamífera filmarekin hartuko du parte sailean, Austingo South by Southwest jaialdian (SXSW) mundu-estreinaldia izan ondoren. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen bertan, María Rodríguez Sotok egindako rolagatik (ama izan nahi ez duen emakumea).
Rock Bottom, María Trénorren lehen film luzea, Robert Wyatt konpositorearen bizitzan eta musikan inspiratutako animaziozko lana da. Iaz WIP Europan parte hartu ondoren, filma Annecyko azken jaialdiko lehiaketa ofizialean sartu zen.
Jorge Sanz, Macarena Sanz eta Vito Sanz dira David Trueba zuzendariaren El hombre bueno lan berrienaren aktore nagusiak: banandu nahi duen bikote bat eta horien lagun zahar bat dira, eta bitartekari-lanak egiteko eskatuko diote haiek lagun horri
Jonás Truebaren Volveréis / The Other Way Around film berriak Europa Cinemas Label saria irabazi zuen Cannesko Quinzaine des cinéastes sailean. Bere film berri horretan banandu egin direla ospatzeko festa bat antolatu duen bikote baten istorioa kontatuko du.