Central parkeko heroiak (Jérémie Degruson, 2023) filma, ostiralean, abuztuaren 30ean, iritsiko da EAEko zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratuta dagoen film frantsesa euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da gurean.
Don irudimen mugagabea duen txotxongilo iheslaria da; DJ Doggy Dog bigarren protagonista, aldiz, lagun bila dabilen pelutxe abandonatua. Central Parken egingo dute topo eta adiskidetasun abentura epiko batean murgilduko dira.
Bada, filma, ondorengo zinema-aretoetan ikusi-ahalko da: Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), Getxo Zinemak (Getxo), Cines Niessen (Errenteria), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Vitoria – Gasteiz) eta SADE Cines (Donostia).
Zinema Euskaraz
Zineuskadiren Zinema Euskaraz egitasmoari esker, euskaraz ikusi ahalko da filma Euskal Herriko areto nagusietan. Programak aurten aurkeztuko duen zortzigarren filma da honakoa.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan ere euskararen hedapena bultzatzearren.
Hala, datozen hilabeteetan ere helduko dira proposamenak: irailaren 13an estreinatuko da Liskor kapitaina, eta abenduaren 5ean, SuperKlaus.