Mati Diop, Leos Carax, Arnaud Desplechin, Dea Kulumbegashvili, Elena López Riera, Nelson Carlo de los Santos Arias eta Jane Schoenbrun zinemagileek hartuko dute parte, besteak beste, Donostia Zinemaldiaren sailik irekienean. Guztira, 23 izango dira Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko hautagai izango diren lanak: hamahiru film luze (horietako bi Ikusmira Berria programako proiektuetatik atera ziren), bi film ertain eta zortzi film labur.

Mati Diopek inauguratuko du Dahomey lanarekin, eta Dea Kulumbegashviliren Aprili / April filmak emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 72. edizio honetan film “irekienak” eta “esperimentalenak” bilduko dituena sailari. Horien artean, nazioarteko zinema-jaialdietan (Cannes, Berlin, Locarno, Rotterdam, Sundance, Venezia…) saritutako edo programatutako pelikulak, edota Nino Benashviliren, Wu Langen, Yoyo Liuren eta Maximiliano Schonfelden lanak berriak, mundu-estreinaldi gisa. Sailak Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko hautagai izango diren 23 film bilduko ditu orotara: hamahiru film luze (horietako bi Ikusmira Berria programako proiektuetatik ateratakoak), bi film ertain eta zortzi film labur.

Mati Diopiren Dahomey, azken Berlinalen film onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen lana, 1892an Frantziako tropa kolonialek espoliatutako Dahomeyren Erresumako 26 altxor Afrikara itzultzeak eragindako eztabaidari buruzkoa da.

Bestalde, saila itxiko duen  Aprili / April bigarren film luzearekin, Veneziako hurrengo Mostran parte hartuko du Dea Kulumbegashvilik. Praxi txarra leporatuko dioten obstetra bat du filmak protagonista.

Moskutik datorren eta Parisen bizi den Ataka51 kolektiboa Dimitri Gorbaty, Philipp Ivanov, Alex Epikhov eta Sergei Medvedev zuzendariek osatzen dute, eta film laburrak, bideoak eta zuzeneko emanaldiak egiten dituzte. Kolektiboaren azken lana, Gimn chume Hymn of the Plague, grabazio-estudio sobietar zahar batean igarotzen da, non musikari batzuk Puxkinen Oturuntza izurri-garaian obran oinarritutako konposizio bat grabatzen saiatuko dira. Filmak Zilarrezko Lehoinabarra saria eskuratu zuen Locarnoko jaialdiko film laburren nazioarteko lehiaketan.

Nino Benashvili zuzendari eta gidoigile georgiarrak Sadac dro idga / Where Time Stood Still film laburraren mundu-estreinaldiarekin parte hartuko du. Bertan, alargun baten eta haren alabaren bizitza Kaukasoko mendietako herri isolatu batean eten egingo da atzerriko bidaiari bat aterpe bila iristean.

C’est pas moi / It’s Not Me film ertainean (Cannes Premiere sailean bildua), Leox Caraxek autoerretratu bat egin eta bere ibilbide zinematografiko berezia modu askean aztertzen du.

Bi neska gaztek beste neska gazte bat duela gutxi modu misteriotsuan desagertu izanari buruz hitz egiten dute Leela film labur indiarrean. Tanmay Chowdharyk  zuzendutako filma Rotterdamgo nazioarteko jaialdiaren aurreko edizioan hautatu zuten.

Donostia Zinemaldiko Kontrauhina zikloan programatu zuen Rois et reine (2004) filma, eta oraingo honetan, Spectateurs! / Filmlovers!, zinemaren magiaren ospakizun bat, aurkeztuko du Arnaud Desplechin egileak, Cannesko jaialdiaren azken edizioan lehiaz kanpo erakutsia ondoren.

Mahdi Fleifel zinemagile palestinar-daniarrak Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean parte hartu zuen To a Land Unknown, fikziozko bere lehen film luzearekin; pasaporte faltsuak lortu eta Atenastik ihes egiteko plan erradikal bat asmatuko duten bi errefuxiaturi buruzkoa da Fleifelen obra.

Soundtrack to a Coup d’Etat filmean, Johan Grimonprez belgikarrak jazzaz eta deskolonizazioaz hitz egin du eta, besteak beste, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundance  jaialdiko dokumentalen nazioarteko sailean, gauzaturiko berrikuntza zinematografikoagatik.

Kohei Igarashi Zabaltegi-Tabakalerara itzuliko da ere; lehenago, Damien Manivelekin batera zuzendutako La nuit où j’ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) film luzea eta Suigyo no majiwari / Two of Us (2023) film laburra aurkeztu ditu, eta film labur hori izan da, hain zuzen, aurten Veneziako Giornate degli Autori atalean aurkeztutako Super Happy Forever pelikularen abiapuntua, bi lagun berberak bost urte lehenago horietako bat maitemindu zeneko bainuetxera itzuliko baitira.

Era berean, mundu-estreinaldi batekin itzuliko da Wu Lang zuzendari. Film laburra aurkeztuko du, Yao yuan de xia wu / Here Comes the Sun, suziri-base batek arrantzale-herri baten lasaitasuna suntsitzen duenean hasten dena.

Viv Li Cannesko film laburren lehiaketan parte hartu ostean etorriko da Donostiara,  meatzaritza-herri urrun batean girotutako Across the Waters lanarekin.

Zabaltegi-Tabakalerak, halaber, Nai niu Milky White film labur txinatarraren mundu-estreinaldia ere hartuko du. Yoyo Liu Ikus-entzunezko Komunikazioko (Media Arts) ikasleak (Estatu Batuetako Emerson College) zuzendutako lehen lana da, urrutiko landa-eremu batean kokatua, eta behi bat familia oso baten itxaropen bihurtuko dela kontatzen digu egileak bertan.

Federico Luisek Cómo ser Pehuén Pedre / How to be Pehuén Pedre filmarekin parte hartuko du. Visions du Réel lehiaketan sartutako film laburraren protagonistak bi aktore entrenatuko ditu desgaitasun-ziurtagiria lortzeko, eta zuzenean lotuta dago Simón de la montaña Simon of the Mountain egilearen lehen film luze lanarekin.

Hiroshi Okuyama bere bigarren film luzearekin itzuliko da aurten Zinemaldira, Cannesko Un Certain Regard sailean sartutako Boku no Ohisama My Sunshine deritzonarekin, hain justu; zeharo izaera desberdina duten bi patinatzaile gazteren arteko lotura kontatzen digu egileak bere lan berrian.

Nelson Carlo de los Santos Ariasek Pepe erakutsiko digu, Berlinalen zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi duena eta hipopotamo bitxi bat duena protagonista.

Jane Schoenbrunek I Saw the TV Glow aurkeztuko digu, Sundanceko Midnight sailean estreinatua eta Berlinaleko Panorama atalean programatua, besteak beste. Zuzendari estatubatuarraren lan berri honen protagonista nerabe bat da, errealitatea hasten hasiko zaiona gaueko telebista-saio misteriotsu bat ezagutzen duenean.

Maximiliano Schonfelden Sombra grande / Big Shadow Entre Ríos probintzian chana hizkuntza berreskuratzeari buruzko ez-fikzioa da (WIP Latam sailean parte hartu zuen iaz), eta Zabaltegi-Tabakaleran izango du mundu-estreinaldia.

Hikaru Uwagawa, Elías Querejeta Zine Eskolan Sorkuntza graduondokoa egin zuen zinemagile japoniarra− Ulysses bere lehen film luzearekin izango da Zabaltegi-Tabakaleran. 2023ko Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatua eta FIDMarseille jaialdiko First Film Competition sailean estreinatua, munduko hainbat lekutako eguneroko bizimoduen hiru istorio zatikatu −etxea gogora ekartzen digutenak− planteatzen dizkigu filmak.

Horiekin batera, aurretik iragarritako beste hainbat film ere bilduko ditu atalak: Elena López Rieraren film ertaina, Las novias del sur / Southern Brides, Cannesko Semaine de la Critique sailean estreinatua; Michael Fetter Nathanskyren bigarren film luzea, Alle die Du Bist / Every You Every Me, WIP Europako bi sariak irabazi eta Berlinaleko Panorama sailean estreinatua; Izibene Oñederraren Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes) Está por venir (y tendrá tus ojos), Annencyn estreinatua; eta Monólogo colectivo / Collective Monologue film luzea, Jessica Sarah Rinlandek berriki Locarnon aurkezturikoa.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako Zabaltegi-Tabakalera saileko film guztiak Zabaltegi-Tabakalera Saria  irabazteko hautagai izango dira. Saria 20.000 eurokoa da: 6.000 euro zuzendariarentzat eta beste 14.000 euro filma Espainian banatzen duenarentzat.