RTVEk zinemaren hiru Gala egingo ditu aurten, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, katearen parte-hartzea duten obra berriak aurretiaz estreinatzeko: ¿Es el enemigo? La película de Gila (Alexis Morante), Escape (Rodrigo Cortés) eta Las chicas de la estación (Juana Macías). 2026ra bitartera sinatu duten lankidetza-akordioa tarteko, korporazio publikoak jarraipen zabalagoa eskainiko dio jaialdiari.
Iragan maiatzean jakinarazi zutenez, Donostia Zinemaldiak duela ia bi hamarkadatik martxan dagoen hitzarmena berritu zuen EiTB taldearekin, eta ondorioz, babesle ofiziala izango da ere irailaren 20tik 28ra bitartean egingo duten 72. edizioan. Zinemaldia garatzea eta indartzea xede duen kontratuak urtebeteko iraunaldia daukala argitu zuten orduan, beste bi edizioz luzatzeko aukera egonik. Bada, bide beretik sinatu du festibalak lankidetza akordioa RTVErekin. Kasu honetan baina, 2024tik 2026ra bitarte egongo da indarrean, eta harremanaren egonkortasuna bermatuko du.
Concepción Cascajosa RTVEko bitarteko presidenteak eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eman zuten elkarlanaren jarraipenaren berri, eta bertan jaso zutenez, handitu egingo da RTVEren presentzia festibalean: hirugarren gala bat hitzartu dute -orain arte bi egin izan dituzte-, eta estaldura zabalagoa eskainiko dio bere programazioan jaialdiari. Donostian bertan jarritako karpa berezitik zinemarekin lotutako programak igorriko dituzte, eta, aurrerantzean, RNEko programazio berezia eta Telediario albistegiaren Kultura atala ere bertatik egingo dira.
¿Es el enemigo? La película de Gila, Escape eta Las chicas de la estación, RTVE Galetan
Arestian aipatu bezala, RTVEk zinemaren hiru Gala egingo ditu aurten, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, katearen parte-hartzea duten obra berriak aurretiaz estreinatzeko:
¿Es el enemigo? La película de Gila (Alexis Morante), Óscar Lasarte, Carlos Cuevas, Natalia de Molina eta Salva Reina protagonista dituena, Victoria Eugenia Antzokian estreinatuko da. Fabula baikorra da, Miguel Gilak gerran borrokatu zueneko eta fusilatua izatetik bizirik atera zeneko garaian oinarriturikoa. Gerraren kontrako aldarrikapena, oro har, Gilak gudan bizitako gertakari tragikoak eta horiek umorera eramateko baliatu zuen era lotzen dituena.
Aldiz, Kursaal 2 aretoan izango du estreinaldia Escape lanak, Rodrigo Cortésen film berriak. N.ren istorioa kontatzen du bertan, erabaki bakar bat hartu gabe kartzelan bizi besterik nahi ez duen gizon apurtu batena (hori lortzeko, edozer egingo du protagonistak). Oso film pertsonala eta sailkaezina da eta Anna Castillo, José Sacristán, José María Pou, Blanca Portillo, Guillermo Toledo eta Juanjo Puigcorbé ere daude aktore-zerrendan, besteak beste. Horiekin batera, Mario Casas da filmeko protagonistetako bat, eta Martin Scorsese, berriz, ekoizle eragilea.
Amaitzeko, Juana Macíasek Las chicas de la estación filma aurkeztuko du Príncipe zinema-aretoetan. Mallorcako adingabeen zentro batean jazotako gertakari errealak ditu oinarri: prostituzio-sareek harrapatu egin zituzten zentro horretako zenbait neska. Hala, atzera-bueltarik gabeko muga bat zeharkatzear egon ziren gazte batzuen belaunaldi-deskribapena egiten du filmak.
Leave A Comment