Yorgos Lanthimosen ‘Poor Things’ film arrakastatsuak jasoko du urteko film onenaren FIPRESCI 2024 Sari Nagusia, 72. Donostia Zinemaldiaren abaroan. Mundu osoko 791 kritikarik hartu dute parte bozketan.
Sortu zenetik (1999an) hainbat zinemagile handik jaso dute FIPRESCI Sari Nagusia, hala nola: Maren Adek, Pedro Almodóvarrek, Paul Thomas Andersonek, Alfonso Cuarónek, Jean-Luc Godardek, Ryusuke Hamaguchik, Michael Hanekek, Aki Kaurismäkik, Richard Linklaterrek, Terrence Malickek, George Millerek, Cristian Mungiuk eta Chloé Zhaok.
Bada, Yorgos Lanthimosen txanda izango da aurtengoan, FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2024ko pelikularik onena greziarrak zuzendutako Poor Things filmak hautatu ondoren. Bozketan mundu osoko 791 kritikarik hartu dute parte, eta ekoizpen britainiarra dunen lana aukeratu dute 2023ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako pelikula guztien artean.
Beste honako lan finalistekin lehiatu da Lanthimos: Nu astepta prea mult de la sfârsitul lumii / Do not Expect Too Much from The End of the World (Radu Jade), Aku Wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist (Ryusuke Hamaguchi), All of Us Strangers (Andrew Haigh) eta Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig (Mohamad Rasoulof).
2023an estreinatu zen Poor Things, Veneziako Nazioarteko Zinemaldiaren baitako lehia nagusian, eta film onenaren Urrezko Lehoia eskuratu zuen bertan. Golardoa nazioarteko ibilbide bikain baten hasiera izan zen eta, besteak beste, bi Urrezko Globo Globe, bost Bafta eta Oscar sarietarako hamaika izendapen eta lau sari jaso ditu. Guztien artean, Emma Stone protagonistaren antzezlana izan da filmaren alderdi txalotuena.
Godwin Baxter doktore eta zientzialari distiratsu eta ez oso ortodoxoak berpiztutako Bella Baxter protagonista gaztea gorpuzten du Stonek. Falta zaion mundu ikuspegiaren gose, Bellak ihes egingo du Duncan Wedderburn abokatu sofistikatu eta maltzurrarekin, bere garaiko aurreiritzietatik aske, kontinenteak zeharkatuko dituen abentura zorabiagarri batean.
#Kritika | ‘POOR THINGS’: Emma Stone basatiarena
FIPRESCI Sari Nagusia irailaren 20an banatuko da Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren inaugurazio-galan. Egun horretan bertan filmaren emanaldia programatuko da (ordu zehatza irailaren 9an iragarriko da).