Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako Indarkeriaren oi(h)artzunak (2024) eta Ekain Irigoienek zuzendutako Europa (2024) lanak saritu dituzte Pirinio Kataluniarreko Cerdanya Film Festival jaialdian. Memoria Historikoaren Dokumental Onenaren saria eta Argazki Onenarena eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Nazioarteko, baina batez ere, Espainiar Estatuko zinemarik onena erakusteko asmoz, Gironako (Herrialde Katalanak) Puigcerdà herrian egin ohi duten zinemaldian 160 lan erakutsi dituzte abuztuaren 1etik 11ra bitartean. Tartean, dozena erdi bat proiektu euskal herritar. Bada, palmaresean ere nabaria izan da euskal ekoizpenen arrastoa.
Batetik, Argazki Onenaren golardia eskuratu du jaialdiz jaialdi sariak pilatzen ari den Europa (Ekain Irigoien) animaziozko laburrak. Gerratik ihes Parisera iritsi den 10 urteko Lubna du protagonista, gurasoak noiz iritsiko amestuko duena.
Aldiz, jaialdiko film luzeen egitarauaren parte izan den Indarkeriaren oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte) dokumentalak eskuratu du Memoria Historikoaren Dokumental Onenaren saria. Tamara Muruetagoienaren historia eta istorioa du ardatz, haurra zela ETAk familia bahitu, eta ondoren, Espainiako Estatuak medikua zuen aita torturapean nola hil zuen kontatzen duena. Aurrez, besteak beste, Giza Eskubideen 21. Zinemaldian ikus-entzuleek banaturiko saria eta Amnesty Internationalen aipamen berezia jaso ditu.
Irakurri ZINEAn publikaturiko lanaren gaineko iruzkina, hemen: INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK: Egiaren erreparazioa eta justizia