Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak bere XX. edizioko proiektuen hautaketa iragarri du. 2024ko irailaren 23, 24 eta 25ean egingo da, Donostiako 72. Zinemaldiaren abaroan.
EPE-IBAIA Ekoizle Elkarteak Donostiako Zinemaldiko Industria Sailaren laguntzarekin antolatzen duen jarduera hau dokumentalerako erreferentziazko hitzordua bilakatu da sektorean, eta ikus-entzunezko garapenaren alde egiten duten hainbat erakunde eta entitateren babesa dauka. Are, dokumental baten proiektua lantzen ari diren eta harentzako europar koprodukzioa bilatu nahi duten ekoizle independenteei zuzendutako hitzorduak bi hamarkada beteko ditu aurten. Foroa elkargunea da, proiektuak finantzatzaile izan daitezkeenei eta ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreko adituei ezagutzera emateko plaza
2024an 100 proiektu aurkeztu dira deialdira, eta, horien artean, hautaketa-batzordeak hamabost aukeratu ditu, tartean, Euskal Herriko bi. Guztiak autore-dokumentalak direla zehaztu dute, gizarte-gaiak jorratzen dituztenak eta nazioarteko agerikotasuna dutenak. Gainera, IBAIA – ELKARGI saria irabazteko hautagaiak izango dira, 5.000 euroan balioetsitakoa.
Jarraian dituzue aukeratutako proiektuak:
- ADELINA (Aurela Berila)
- BARRABÁS (Daniel Martínez-Quintanilla)
- EL ARTE SENCILLO (Galder Arriaga)
- EL NIÑO Y EL TIBURÓN (Lucía Florez)
- EL VIAJE DE TEKLE (Jordi Call)
- GAZA, LE CHAGRIN DES ÉTOILES (Thomas Dandois)
- GOOD&EVIL: HOW TO SELL A LIE (Kelly Nyks)
- GUARDIANAS (Mireia del Pozo)
- HAY ALGO EN EL SILENCIO (Patricia Pérez)
- IMPROMTU OP.2 (Christian Mouroux)
- IN TRANSIT (Valerio Ciriaci)
- LA NOCHE DE LA INFANCIA (Xixi Sofia Ye Chen)
- LA RETIRADA (Tian Riba)
- LLEGÓ SU TORNO DOCTOR (Camilo Valderrama)
- PETER (Lucia Montero – Carlota Darnell)
XX. Lau Haizetara Foroa
Urtero legez, hiru atal nagusi izango ditu: tailerrak, pitching saioak eta banakako bilerak.
Lantegiak prestakuntza-jarduerak dira, eta foroaren aurreko bi egunetan egingo dira (irailaren 23an eta 24an). Ekoizleei aukera eskainiko diete proiektuak aditu profesionalen laguntzarekin garatzeko; proiektu horietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko tresna egokiak eskainiko dituzte aditu horiek.
Pitching saioa, aldiz, irailaren 25ean ospatuko da, goizean, Tabakalerako Z aretoan. Bertan produktoreek beren proiektuak azalduko dituzte Commissioning Editors-en panel garrantzitsu baten aurrean. Saio horietan, gaian aditua den moderatzaile bat izango da, eta aldibereko itzulpen-zerbitzua eskainiko da. Proiektuak gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztu ahal izango dira, bakoitza 7 minutuan (teaserra barne).
Halaber, egun berean, Comissioning Editors-en eta aurkeztutako proiektuen ordezkarien arteko one-to-one bileren agenda batekin osatuko da programa, betiere sor daitezkeen lankidetza-akordioak zehazteko helburuarekin. Hitzordu hauek ere Tabakalera gauzatuko dira, arratsaldean.