Irango zinemari eskainitako sail berezia izango du aurrerantzean NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinemaldiak. Irailaren 19, 20 eta 21ean Iruñean ospatuko da, eta hasiak dira dagoeneko seigarren edizioa izango denaren ezaugarriak aletzen.

Zinemagintza abiapuntu, hausnarketarako topagune izan nahi duen NIFF – Nafarroako Nazioarteko Zinemaldiak seigarren edizioari ekingo dio 2024an. Beste urte batez, aniztasuna sustatzen duten lanen aldeko apustua mantendu, eta zinema publiko guztientzako sentsibilizazio- eta kontzientziazio-tresna paregabe gisa aldarrikatu dute antolatzaileek. 2019ko lehen edizio hartatik defendatu dituzten ildo nagusiei  uko egin gabe, NIFFek planteamendu jasangarria, digitala eta feminista eskaintzen jarraituko du eta, aldi berean, Iruñean eta Nafarroan kultura eta turismoa garatzeko duen bokazio argian berretsiko da.

Hala, irailaren 19tik 21era ospatuko da aurtengoan, eta gazteria eta adimen artifizialari eskainitako begirada izango dira aurtengo aldiaren ezaugarri nagusiak. Baina horretaz gain, berritasun gehiago ere izango direla jakin berri dugu: besteak beste,  Irango zinemari eskainitako “atal zirraragarri bat” inauguratuko dute aurten. Ekimen honekin, beste zinematografia batzuk ikusaraztea eta NIFFren mentore eta zutabe izan diren Asghar Farhadi eta Ahmad Taheri bezalako zinemagile handien talentua ospatzea bilatu dute antolatzaileek.

Lehen edizio honetan, ikuspegi sozial eta sentsibilitate sakona txertatuz sortu dute erakusketa, giza konplexutasuna nabarmenduz eta entzutea merezi duten errealitate eta kulturei ahotsa emanez: “Gure ustez, ezinbesteko urratsa da publikoa mugak gainditzen dituzten eta kultura-aniztasunari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaituzten istorioetara hurbiltzeko”.

Hala, zazpi izango dira atalak bilduko dituen film laburrak. Ikusi zerrenda HEMEN.